Kapelaren ibilbidea egingo dute, lehenengoz, ekainaren 18an
San Martin auzoko merkataritzari ikusgarritasun handiagoa emateko eta kapelaren kultura sustatzeko helburuarekin, ekainaren 18an San Martin auzoko elkartearen eskutik Kapelaren ibilbidea egingo dute Donostian.
Kapelaren ibilbidea gaur aurkeztu dute Donostiako Londres hotelean, eta azaldu dutenez, “ibilaldi lasaia izango da lagunekin edo familian disfrutatzeko, non kapelak, txanoak, txapelak, zapiak edo burua estaltzen duen edozein tresna izango diren eguneko protagonistak”.
Karmele Eguesek, San Martin auzoko elkarteko lehendakariak jakinarazi du Kapelaren ibilbidearen lehenengo edizioa dela aurtengoa, eta bere izaera bakarragatik, “ospea lortzen joatea” aurreikusten dutela.
Elena Moreno Eusko Jaurlaritzako Merkataritzako zuzendariaren hitzetan “merkataritza eta, bereziki, Donostiako merkataritza gure herri eta hirietako bizitzaren bihotza da. Bizi dugun eraldaketa sakonean lagundu behar diogu merkataritza sektoreari, etorkizunari begira, baina, batez ere, kontsumitzaile arduratsu gisa egiten dugun ekintza bakoitzetik”.
Bere aldetik, Iker Goiriak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismoko zuzendari nagusiak adierazi duenez, “esperientzia hau asmo adierazpena da. Jarduera familiarra eta dibertigarria da, eta badirudi gelditzeko datorrela”.
Donostiako Udaleko Ekonomia Bultzatzeko eta Merkataritzako zinegotzi Marisol Garmendiak nabarmendu du “kapela dotorezia eta nortasuneko jantzi bat dela, eta azken urteotan berpizten ari dela. Gero eta donostiar gehiagok erabiltzen dute kapela. Gure hiria beti nabarmendu izan da horregatik. Izan ere, gure denda historiko eta tradizionaletako bik, Leclercqek eta Ponsolek, tokiko merkataritzaren adierazgarri direnak, kapelak saltzen dituzte”.
Egitaraua
Elkargunea datorren igandean izango da, ekainaren 18an, 10:30etik 11:30era Miramar jauregiko lorategietan. Ibilaldia 12:00etan hasiko da badia osoa inguratuz, Kontxako erlojuetara iritsi arte. Ondoren, San Martin auzoan sartuko da, eta 14:30ak aldera Manterola kalean amaituko da.
Jakinarazi dutenez, musika, umore ona, emanaldiak, dastatze gastronomikoak eta sorpresa ugari izango dira ibilbidean zehar. Egunari amaiera emateko, 18:00ak aldera klake emanaldia egongo da Londres hotelaren inguruan.
San Martin auzo elkartearekin bat, IRUTXULOKO HITZAk kapel guztien artean Euskal kulturaren ordezkari onenari saria emango dio.
IRUTXULOKO HITZAk apirilean argitaratu zuen Donostiako lehenengo Kapelaren ibilbideari buruzko erreportajea, eta esteka honetan duzue ikusgai.