Saguesen ariko dira Huntza, ETS, El Drogas eta Gari & Maldanbera, besteak beste
Abuztuaren 12tik 19ra izango da Aste Nagusia, eta Donostia Festakek aurtengo kartela eta Sagueseko kontzertuak aurkeztu ditu.
Udako jaialdiak gainean ditugu dagoeneko, eta Aste Nagusia ere berehala iritsiko da. Udalak Aste Nagusirako prestatu dituen kontzertuak aurkeztu ditu gaur, eta zortzi emanaldi izango dira guztira; abuztuaren 12tik 19ra musika izango da gauero Saguesko agertokian, 23:45etik aurrera.
Aste Nagusiko Saguesko kontzertuak En Tol Sarmientok inauguratuko ditu, abuztuaren 12an. ETS, Euskal Herriko musika talde “entzunenetarikoa” da eta euskal musikaren gaur egungo fenomeno garrantzitsuenetako bat. Iekoran (Arabako Errioxa) 2005. urtean sortu zen, gaur egun taldean jarraitzen duten hiru lagunen eskutik, Iñigo, Floren eta Campi. Hirukotea, punk-rock abestiak bertsionatzen hasi ziren, Kaotiko, La Polla Records, Kortatu, Piperrak, Boikot edo Reincidentes bezalako taldeen eraginpean. Hilabete gutxien ostean, taldea abesti propioak konposatzen hasi zen. Gaur egun taldea bere azken diskoa aurkezten ari da: Guretzat (2022).
Bigarren egunean, abuztuaren 13an, Sofia Ellar izango da Donostian. Bere kabuz ekoitzitako hiru diskorekin, Sofia Ellar artista autoeditatua bihurtu da. Sare sozialetan ezaguna da Ellar, hala nola Instagramen (350.000 jarraitzaile), Spotifyen (1.000.000 entzule baino gehiago ditu hilean) eta YouTuben (70.000.000 ikuspen baino gehiago). 2017. urteko otsailean kaleratu zuen bere lehen diskoa, Seis Peniques, eta urtebete geroago, 2018ko otsailean, bigarren lana aurkeztu zuen. Haren atzetik, hirugarren lana, disko-liburu formatuan, eta Libre izenburupean.
Abuztuaren 14an, Gari & Maldanbera eta Hertzainak igoko dira Saguesko oholtzara. Errepertorio bikoitzeko emanaldi berezia da. Alde batetik, Garik, Maldanbera taldearekin batera, bere bakarkako ibilbideko azken 30 urteetako abesti ezagunenak errepasatuko ditu. Horiek guztiak Gari & Maldanbera. Zuzenean izeneko diskoan jaso dituzte eta hori da, hain zuzen ere, aurten Euskal Herrian zehar aurkezten ari diren lana. Bestalde, ikuskizunean zehar, Alos Quartet harizko laukotea, Xabier Aburruzaga trikiarekin eta tronboia, tronpeta eta saxoa batuko dira agertokian. Horiekin guztiekin Hertzainak talde mitikoaren 40. urteurreneko errepertorioaz gozatzeko aukera izango da.
Abuztuaren 15ean, El Drogasek girotuko du rock gaua. Enrique Villareal, abeslaria, baxu-jolea eta Barricada taldea desagertuaren burua da. Barricada rock taldea 1982an sortu zen Iruñean (Nafarroa), eta 2013an desagertu zen. Bere konposizioen gordinkeriak, hard rock, punk rock eta heavy metalaren arteko erdibidean, hiriko rockaren panoraman txertatu zituen. 15 estudio album eta mila kontzertu baino gehiago ditu, eta estatuko rock talde sendoenetako bat izan zen.
Hurrengo egunean, abuztuaren 16an, Bulego talde azkoitiarraren txanda izango da. Bulego taldea Tomas Lizarazuk (ahotsa), Ruben Lizarraldek (gitarra) eta Xabier Arrietak (bateria) osatzen dute. Gaztea irratiaren zerrendetan behin baino gehiagotan lortu dute 1. zenbakia, Pizten ari da eta Bueltan da!!! abestiekin, eta azken abesti hau, 2021. udako abestia aukeratu zuen irratiak.
Abuztuaren 17an, Danny Ocean kantautore venezuelarra izango da Saguesen. Miamin bizi da, eta erabat ezezaguna izatetik hiriko musikako izar izatera pasatu zen. Artista, oso garai laburrean, ospe izugarria lortu duen fenomeno global bihurtu da. 2016. urtean Me Rehuso abestia atera zuen, Latinoamerikan hamarkadako kantarik entzunena bihurtu zena.
Ia hamar urteko ibilaldiaren ostean, Huntza taldeak agur esango du, baina Aste Nagusian izango dira lehenago, abuztuaren 18an. Azkena izan balitz bezala izenburupean, Huntzak hitzematen du entzuleek gozatuko dutela geratzen zaien emanaldi bakoitzarekin. Taldeak bere melodiak, trikitia eta euskara Euskal Herriko eta munduko txoko askotara eraman ditu urte hauetan zehar, euskal folka eta pop-aren inguruko harmonia eta erritmoak bateratuz. Ia hamar urtean, 250 kontzertu inguru eskaini ditu, 30 abesti baino gehiago sortu ditu eta hiru disko argitaratu ditu: Ertzetatik, 2016an; Xilema, 2018. urtean; eta Ezin ezer espero, 2021ean.
Saguesko kontzertuak ixteko, flamenko gaua izango da Saguesen, Antonio Carmonaren eskutik, abuztuaren 19an. Ketama taldeko abeslari gisa hogei urte baino gehiago eman ondoren (milioi bat disko saldu zituen), 2006an, Antonio Carmona abeslari granadarrak bakarka argitaratu zuen bere debuta: Vengo venenoso. Konpositore izateaz gain, ahots oso pertsonala eta perkusionista duen abeslaria da.
Aurtengo kartela: Denetik denontzat
Diego Gil Hernando da Aste Nagusiko aurtengo kartelaren egilea. Trazadura geometrikoko kartela da, Donostiako eta Aste Nagusiko elementu adierazgarrienak eta ezagunenak eskematikoki eta mosaiko handi baten modura irudikatu dituena. Hiriak eskaintzen duen jaietako jardueren aniztasuna irudikatzen du (erraldoi eta buruhandien konpartsa, su artifizialak, atrakzioak…). “Erabiltzen den gama kromatikoa kolore lau eta biziak dira, jai-giroa transmititzen dutenak, urdin nagusiekin eta gure hiriari lotuak”, azaldu du udalak.
Diego Gil Hernando Burgosko (Espainia) arkitektoa da, eta gaur egun, era guztietako diseinu-lanak egiten ditu: kartelak eta logotipoak, besteak beste. Udalak jakinarazi duenez, azken urteotan sari ugari jaso ditu lehiaketa askotan.