Bertan behera utzi dute asteazkenean egitekoak ziren etxegabetzea
Kaleratzeak Stop plataformak elkarretaratzera deitu zuen gaurko, baina kaleratzea bertan behera geldituta, ez dute egingo.
Kaleratzeak Stop plataformak jakinarazi duenez, Laboral Kutxak bertan behera utzi du asteazkenean (hilak 14) Donostian egitekoa zen familia baten etxegabetzea. Horrela, banketxeak bilera batera deitu ditu maizterrak eta plataforma, 2020ko urtarrilaren 1ean sinatu zuten kontratua beteko dela bermatzeko (gaur bilduko dira, hilaren 12an, 10:00etan); zazpi urteko iraupena du kontratu horrek, eta alokairuaren prezioa 700 eurokoa da. Kaleratzeak Stopek nabarmendu du “herritarren mobilizazioak” eraman duela Laboral Kutxa etxegabetzea bertan behera uztera.
Plataformak ostiralean eman zuen etxegabetze arriskuaren berri, eta, azaldu zuenez, Laboral Kutxak ostegunean jakinarazi zien maizterrei ez zuela bertan behera utziko etxegabetzea, “nahiz eta enplegu prekarioak dituen familia kaltebera honek epaitegian ordaindu berri duen etxegabetze aginduan erreklamatzen zieten 3.949 euroko zorra”. Martxora bitarte zor zutena zen hori, eta, berriki, joan den astelehenean, orain arte pilatutako 1.616 euroko zorra ordaindu zuten. Etxegabetzearekin aurrera jarraitzeko, Laboral Kutxak alegatu zuen erreklamatutako zorraren ordainketa ezarritako legezko epetik kanpo egin zela.
Banketxearen jarrera “sarraskijalea” zela nabarmendu zuen plataformak, eta herritarrak etxegabetzearen aurka mobilizatzera deitu zituen, baita Donostiako Udala bitartekaritza lanak egitera deitu ere, kaleratzea saihesteko. Familiak zazpi urteko alokairu kontratua sinatu zuten bankuarekin 2020ko urtarrilean, eta, pandemiaren ondorioz, ezin izan zuten 700 euroko errentaren kuoten zati bat ordaindu. Horren ondorioz, etxegabetze demanda jarri zuen banketxeak epaitegian, martxoaren 23an. Azkenean, ordea, kaleratzea gelditzea lortu dute.