Hondoratzen ari zen aisialdi yate bat erreskatatu dute badian
Hondoratzea dela eta, hidrokarburoak isuri dira uretara, eta bainatzea debekatu dute Kontxan; Ondarretan bandera horia jarri dute.
Suhiltzaileek eta Itsas Salbamenduko kideek badian hondoratzen ari zen itsasontzi bat erreskatatu dute goizean. Udalak jakinarazi duenez, suhiltzaileek Itsas Salbamenduko kideen deia jaso dute 05:40ean, badian ainguratuta zegoen itsasontzi bat hondoratzen ari zela jakinaraziz. Antza, zaintza lanak egiten dituen boteroak ikusi du itsasontzia behar baino baxuagoa zegoela, eta Itsas Salbamenduko kideak abisatu ditu. Horiek, berriz, suhiltzaileei deitu diete.
Beira-zuntzeko hamalau metrotako aisialdi yate bat da. Suhiltzaileak iritsi direnean ikusi dute ura sartzen ari zitzaiola azpitik. Yatea itxita zegoen, eta ez zegoen inor barruan. Suhiltzaileek ponpak sartu dituzte ura kentzen saiatzeko, baina ikusi dute ezin zutela ura atera, gehiago sartzen zelako. Horiek horrela, Itsas Salbamenduko langileekin batera, hainbat buiarekin lotu dute itsasontzia guztiz ez hondoratzeko.
Itsas Salbamenduko kideek hartu dute yatea zaintzeko ardura.