Okendotegiko hondakinak kentzeko eskatu diete udalari eta aldundiari
Eguzki Talde Ekologistak ohartarazi duenez, Martuteneko Okendotegi bidea zabortegi bihurtzear da. “Elkarri pilota ez pasatzeko” eta paraje hura zabortegi bihurtu baino lehen, neurriak hartzeko eskatu diete Donostiako Udalari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari.
“Zergatik esaten dugu pilota pasatzeari uzteko? Bada, joan den maiatzaren 17an, zubibideen azpiko paraje hartan pilatzen ari diren legez kanpoko hondakin deposituen kontrako neurriak hartzeko eskaera egin geniolako udalari”, azaldu du Eguzkik.
Horiek horrela, maiatzaren 23an, paraje hartako mantenu lanak aldundiari dagozkiola erantzun zien udalak. Gauzak horrela, maiatzaren 27an aldundiari eskaera bera zuzendu zioten. Ekainaren 5ean, berriz, aldundiak ondorengo erantzuna eman zion Eguzkiri: “Udalak berak bere gain hartu du zubibideen azpiko eremu hori garbitzea”.
Udala ala aldundia
Okendotegiko hondakindegia garbitzeko ez dira ados jartzen udala eta aldundia. Eguzkik erantzukizunaz harago, gune hori garbitzeko eskatu diete erakundeei, eta kritiko azaldu da udalarekin: “Argi dagoena da udalak horrelako arazoen aurrean baloiak kanpora botatzeko joera handia duela. Metroaren lanetatik Urumeara isurketak salatu genituenean, alkateak eta Ingurumen zinegotziak esan zuten, ebidentzia guztien aurka, udalak ez zuela alor horretan eskumenik. Santa Katalina eta Maria Kristina zubien arteko hondakin piloaren kasuan ere erantzukizuna Ura agentziaren bizkar uzten saiatu zen. Lourdes Txikiko hariztia txikitu zutenean, beste horrenbeste. Alegia, esan moduan, baloiak kanpora”.