Bidebietako bidegorriaren lanak adjudikatu dituzte
Atzerapenak atzerapen, Donostiako Udalak Bidebietako bidegorria egiteko lanak adjudikatu dizkio Moyua eraikuntza enpresari. 487.691 eurokoa da aurrekontua, eta obra bukatzeko lau hilabeteko epea ezarri dute. Udalak 2021eko maiatzean iragarri zuen Bidebieta bidegorrien sarean barneratuko zuela. Ordutik, aldaketa ugari izan ditu, eta proiektua eguneratu zuten.
Bidegorriak 455 metroko luzera izango du. Azkuene kalearen parean, Donostiaren aldean, izango du abiapuntua bidegorriaren zatiak, Herrerarekin lotzen den bidegorria bukatzen den puntuan. Ibilbidea Pasai San Pedro hiribidearekiko paraleloa izango da, Colombine kalera iritsi arte. Puntu horretan, alde bereko eremu batetik igaroko da, Joan XXI etorbidearekin bat egin arte, Bidebietan.
Bidegorriak gaur egungo antolamenduarekin bat egingo du, lehen 120 metroak ia horizontalak baitira. Pasai San Pedro hiribidea zeharkatu ondoren, trazadura igotzen hasiko da, %6tik beherako maldarekin. Trazaduraren azken 50 metroetan malda handiagoa izango du: %7,40 azken zatiaren lehen erdian eta %11,32 azken 25 metroetan. Lehenengo 300 metroko bidegorria bizikletentzat bakarrik izango da, eta 2,50 metroko zabalera izango du trazaduraren zatirik handienean.