Donostiar batek Sorian pairatutako erasoa gaitzesteko erakunde adierazpena aurkeztu du EH Bilduk
Ion Aranburu 44 urteko Antiguako bizilagunak ultraeskuindar talde baten erasoa jasan zuen pasa den maiatzaren 27an Sorian (Espainia), eta koman dago ordutik, egoera larrian. Horren aurrean, EH Bilduk erakunde adierazpen bat erregistratu du udalean, gertatutakoa salatzeko eta biktimari zein haren senide eta lagunei babesa adierazteko. Halaber, ostegunean Gaskonia plazan egitekoak diren elkarretaratzean (20:00) parte hartzera deitu dituzte herritarrak.
Horrela, adierazpenean eskatu dute udalbatzak “arbuiatu” dezala erasoa, “elkartasuna eta babesa” adierazi diezaiela biktimaren senideei eta lagunei eta erasoa argitzeko eskatu diezaiela dagokien erakundeei. Izan ere, EH Bilduk salatu du ez dagoela oraindik “kasu honetan zerikusia izan dezaketen erakunde publikoen aldetik ia inongo informaziorik”; “inongo ikerketarik dagoen ere ez dakigu”, gehitu dute.
Numancia-Cornella partidaren harira
Numancia eta Cornella taldeek maiatzaren 27an Los Pajaritos estadioan jokatu zuten partidaren harira zegoen donostiarra Sorian, Cornellako lagunekin partida ikustera joan baitzen hara. Istiluak estadioaren inguruko taberna batean gertatu ziren, ultraeskuindar talde bat barruan zeudenak erasotzera sartu zenean, tartean koman dagoen donostiarra. Haren gertukoek zabaldu duten informazioaren arabera, Leganesko (Madril, Espainia) Guetto 28 eta Zaragozako (Aragoi, Espainia) Ligallo talde ultraeskuindarretakoak ziren erasotzaileak.
“Familiak eta lagunek azaldu dutenaren arabera, Ion taberna batera joan zen, non Numanciako eta Cornellako zaleak zeuden, ‘errespetuz eta giro onean’. Hala ere, ‘aurpegia estalitako 50 bat faxistek’ eraso egin zieten eta harri batek larri zauritu zuen donostiarra”, EH Bilduk azaldu duenez. Halaber, gogorarazi dute Aranburu “larri” dagoela, garezurreko haustura bat baitu eta belarriko beste bat. “Erasoa ‘erabat antolatua’ izan zela gaineratu dute familiak eta lagunek, beste toki batzuetako ‘faxistek’ ere parte hartu zutela eta Espainiako Poliziaren jokabidea zein tratamendu mediatikoa salatu dute”, gehitu du EH Bilduk.