Errefuxiatuen asilo prozesuaren erronkak izango dituzte hizpide Okendo Kultur Etxean
Erei elkarteak errefuxiatuen auziari buruzko hitzaldi bat antolatu du Okendo Kultur Etxean asteazkenerako (hilak 14). Asilo prozesuaren erronkak Europako harrera-herrialde nagusietan: jatorria eta erantzunak du izena hitzaldiak, eta 19:00etan izango da.
“Erei elkarteak Europako harrera herrialde nagusietan, hots, Alemania eta Frantzian, ikerketa lan bat burutu du, lehenengo pertsonan eta genero ikuspuntu eta ikuspuntu global batetik. Horretarako, pertsona errefuxiatuak elkarrizketatu ditu Alemania eta Frantzian. Ikerketa lanak harrera herrialdeetako egoera jorratzeaz gain, jatorrizko herrialdeetako errealitatea ere lantzen du, batez ere, Afganistangoa eta Irangoa”, azaldu du elkarteak.
Elkarrizketatutako bi pertsona errefuxiatuk parte hartuko dute hitzaldian, Internet bidez konektatuz. Erei elkarteak azaldu duenez, “Europako errealitate migratzaileen inguruan eta beraien egitasmoen eta aktibismoen inguruan hitz egingo dute, gerturatutako guztiekin solasaldi bat sustatuz. Hauen hitzak euskara eta gaztelerara itzuliak izango dira”.