Gazteentzako MartxUp! lehiaketarako proiektuak aurkezteko epea zabaldu dute

Aurtengo MartxUp! programan ideiak eta proiektuak aurkezteko epea ireki du Donostiako Udalak uztailaren 13a arte. Donostiar gazteen ideiak landu eta horiek garatzen laguntzeko helburua du ekimenak; gazteak hiriko gizarte, kultura eta ekonomian era aktiboan ekitera bultzatzeko.
Parte hartzeko eskaera www.martxup.eus orrialdean aurkeztu behar da. Deialdian 18 urtetik 30 urtera bitarteko gazteek parte hartu ahal izango dute, banaka nahiz taldeka. Proiektuak hautatuak izanez gero, bi eta lau pertsona arteko taldeetan landu beharko dira. Parte hartu ahal izateko, taldekideetako batek, gutxienez, donostiarra izan beharko du.
Jarduera eremua askea izango da, eta ez da esparru jakin batera mugatuko, “betiere proiektu baztertzaileak eta diskriminatzaileak ez badira”.
MartxUp!-eko epaimahaiak proiektuen balorazioan kontuan hartzen dituen irizpideak dira bideragarritasuna, originaltasuna eta berrikuntza eta zehaztapen maila.