Musikarekin eta zuzeneko ikuskizunekin lotutako ikastaroak eskainiko dituzte udan Dokan
Udako hiru ikastaro eskainiko ditu Doka antzokiak uztaila eta iraila bitartean, eta guztiek lotura izango dute musikarekin eta zuzeneko emanaldiekin. Ikastaroak doakoak izango dira.
Horietako bat grabaketa eta musika produkzio musikalaren ikastaroa da. Abesti bat sortu eta hau argitaratu arte hainbat dira egin beharreko pausuak. Horien artean, egindako kantua grabatu, editatu, ekoiztu, nahastu eta masterizatu egiten dira, besteak beste. Horretarako, soinu txartelen konfigurazioa, DAW programak, routinga, mikrofonia teknikak, pluginak eta hainbat baliabide erabiltzen dira. Horiek erabiltzen ikasteko aukera izango da uztailaren 3an, 5ean, 10ean eta 12an, Iker Lauroba musikariaren eskutik.
Zuzeneko soinu teknika ikastaroa egiteko aukera ere izango da. Kontzertu bat aurrera ateratzeak baliabide teknikoen ezagutza behar du. Mikrofono motak, kableatu zein konexioak, soinu mahaia eta horren erabilerak… Hainbat dira zuzenekoan kontu hartu beharrekoak. Ikastaro honetan, saio teoriko-praktikoen bidez zuzeneko batek dakarren lan teknikoa ezagutuko dute. Mikrofonia aukeraketa egokia, filtroen erabilera, ekualizazioa, konpresioa, efektuen erabilera eta ondorengo nahasketa landuko dira. Saio hauek soinu-froga birtualekin zein zuzenekoetan egindako praktikekin osatuko dira. Uztailaren 4an, 6an, 11n eta 13an izango dira eskolak Edersoneko teknikariek gidatuta, eta kontzertuetan praktika saioak egingo dituzte ikasleek.
Azkenik, zuzeneko produkzioa ikasi ahal izango da Dokan. Ikastaro honek kontzertu bat aurrera ateratzeko oinarrizko informazioa biltzen du, eta uztailaren 19an, 21ean, 24an eta 26an izango da, Dokako lantaldeak gidatuta.
Interesa duenak ikastaroak@doka.eus helbidera mezu bat idatzi beharko du ekainaren 27a baino lehen.