Txitak izan dituzte Kristinaeneako paumek
Kristinaeneako paumen komunitatea hazi egin da, joan den asteburuan jaio baitziren aurtengo lehenengo txitak, Cristina Enea Fundazioak sareetan zabaldu duen bideo batean ikus daitekeenez. Ekaina eta uztaila artean jaio ohi dira txitak, eta amaren azpian babestuta ibili ohi dira hara eta hona.
Ez da parkean paumak jaiotzen diren lehenengo aldia; 2021ean, esaterako, gutxienez bi jaio baitziren. Ordea, txita asko hil egin ohi dira, besteak beste, kaioek edo txakurrek eraso egiten dietelako. Hain zuzen ere, 2021ean txitetako bat hilda agertu zen jaio eta hiru bat hilabetera, txakur baten erasoarengatik. Gogoratu behar da txakurrak lotuta eraman behar direla parketik, halako gertakariak saihesteko. Halaber, herritarrek txitak begiratu bai, baina ez dira gehiegi hurbildu behar, ezta ukitu edo molestatu ere.