Azoka berezia egingo dute Egian ekainaren 26an
Hiru urte bete ditu Egiako azoka txikiak, eta urteurren hori ospatzeko, azoka berezia egingo dute ekainaren 26an. Konfinamendu garaian sortu zen azoka hori, inguruko ekoizleei irtenbide bat emateko asmoz. Bereziki, Igeldoko esneak eman zion hasiera eta pixkana beste hainbat batu ziren: Larreta esnekiekin, Eguzki Leire ogiarekin, Aranburu arrautzak, loreak eta beste.
Gaur egun, astelehenero egiten dute azoka, 18:00etatik 19:30era, Iruresoro plazan. Hiru hilabetean behin, sasoi aldaketarekin batera gehienetan, azoka berezia izaten da eta azoka berezira beste hainbat ekoizle joan ohi dira: Nafarroako Axuribeltz gazta, Oibarko Mendiko ardoa eta olioa, eta, garaian garaiko beste hainbat elikagai, kiwiak, sagarrak edo baratxuriak, esaterako.
Esan bezala, hurrengo azoka berezia ekainaren 26an izango da, uda hasi berritan, eta auzoko artisauak gonbidatu dituzte.