«Erasoak ez zuen zerikusirik izan futbolarekin; kasualitatez geunden Sorian»
Ion Aranburu donostiarra (Antigua, 1979) koman dago maiatzaren 27tik, Numantziaren eta Cornellaren arteko partidaren harira Sorian (Espainia) pairatutako eraso ultraeskuindarraren ondorioz. Cornella de Llobregateko (Herrialde Katalanak) lagun batzuekin partida ikustera joan zen Aranburu Soriara, eta berarekin zegoen Juanjo Zubiria (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1974). Ostegunean, gertatutakoa salatzeko eta Aranbururen senide eta lagunei babesa adierazteko elkarretaratzea egingo dute, 20:00etan, Gaskonia plazan.
Zein egoeratan dago Ion Aranburu?
Koman jarraitzen du. Hasieran baino pixka bat hobeto dago, baina ez dakigu noiz aterako den hortik. Hasieran, koma induzituan zegoen, baina jada ez da induzitua, zauriek eragindakoarengatik dago koman. Medikuek esaten digute pixkanaka atera beharko litzatekeela egoera horretatik, baina ez dakite zenbat denbora tardatu dezakeen. Itxaropena badaukagu, esan digutelako okerrera ez doala; egoera egonkorrean dago orain, eta hori bada pauso bat. Hasieran, zailtasunak izan zituen, garezurra ireki behar izan zioten presioa kentzeko, infekzioak izan zituen, eta abar.
Senideak eta lagunak zer moduz zaudete?
Porru eginda gaude denak, zeren, azkenean, bat-batean harrapatu gaituen zerbait da. Ion tipo zintzo eta ona da, eta horrelako zerbait gertatzea… Gainera, ni berarekin nengoen, eta zehazki zer gertatu zitzaion ikusi ez banuen ere, gero lurrean botata ikusi nuen, eta hori kolpe gogorra izan zen niretzat. Azkenean, lagun bat lurrean erdi hilda ikustea… ezintasuna, amorrua eta denetarik sentitzen duzu. Orain, pixka bat hobeto dagoela ikusita, lasaiago gaude, baina lehenengo egunak oso gogorrak izan ziren, ematen zuelako hilko zela. Gogorra da.
Zu eta Ion elkarrekin joan zineten Soriara?
Bai. Ionek lagun bat dauka Cornellan, urte luzez berarekin lan egin zuena, Donostian. Ordea, lagun horren bikotekidea Cornellakoa da, eta han bizi da orain. Cornellak Sanseren aurka Zubietan jokatu zuenean, duela hilabete inguru, Ionen laguna eta bere beste lagun batzuekin etorri zen partida ikustera, eta bazkari bat antolatu genuen beraiekin egun hartan. Cornellaren ligako azken partida Numantziaren aurka zenez, Sorian, bazkari hartan pentsatu genuen partida horren harira Sorian elkartzea berriz, guri ez zitzaigulako oso urruti gelditzen. Neurketa iristear zenean, Ionekin hitz egin nuen, eta esan nion berarekin joango nintzela Soriara; nire autoan joan ginen, gainera.
Lasartetik atera ginen, 12:00ak aldera, eta gure asmoa zen partida bukatu ondoren egunean bertan itzultzea, Ionek emaztearekin utzi zuelako umea. Soriatik gertuko herri batean bazkaldu ondoren, Soriara joan ginen, lagun katalanak han bertan itxaroteko. Katalanak iristean, estadioaren kanpoaldean elkartu ginen, eta batek esan zigun ezagun batek deitu ziola, esanez Soriatik Zaragozako eta Madrilgo ultrak zebiltzala bueltak ematen. Nik pentsatu nuen brometan ari zirela, baina lagun katalana pixka bat urduri jarri zen, eta Cornellako segurtasuneko buruari deitu zion, eta esan zion Numantziako arduradunei deitzeko, eskatzeko estadioan sartzen utzi ziezagutela, badaezpada ere, estadioan egoteko partida hasi arte. Lagunak urduri zeudela ikusita, pentsatu nuen agian egia izango zela ultrak zebiltzala, eta erabaki genuen han gertu zegoen taberna batera joatea; izan ere, estadioaren kanpoaldean geunden, eta norbait erasotzera etorriz gero jai genuen, ez baitzegoen ezkutatzeko lekurik.
Taberna horretan gertatu zen erasoa?
Taberna horretan Soriako jendea zegoen, baina giro onean egon ginen beraiekin. Gainera, Cornellako lagunen autobusean haurrak, zaharrak eta askotariko jendea zegoen, eta giro onean egon ginen denak taberna hartan, Soriakoekin txantxetan, eta abar. Halako batean, 18:00ak aldera, jende pila agertu zen kale hartan –batzuek esan dute autobus batetik jaitsi zirela, baina nik ez nuen autobusik ikusi–, eta gu geunden lekurantz etortzen hasi ziren, harriak eta botilak eskuan zituztela, batzuk aurpegia estalita beste batzuk ez.
Gu geunden lekutik hogei bat metrora zegoen izkina batetik etorri ziren, eta, hori ikusita, taberna barrura sartu ginen denak, babesteko. Tabernako sarreran tapoi bat sortu zen, eta erasotzaileak tapoian zegoen jendea jotzen eta tabernako kristalak hausten hasi ziren, aulkiekin, eta abar. Nik ikusi nuen gizon bat bere gorputzarekin haur bat babesten, eta beste bat haurra babesten ari zena aulki batekin jotzen. Nahaste horretan, nik ez nekien non zegoen Ion, baina erasoa bukatzean, neska bat hasi zen esaten kanpoan lurrean zegoen gizon bat Ion zela. Kanpora atera nintzen, eta gizon bat lurrean belauniko ikusi nuen, baina berehala konturatu nintzen hori ez zela Ion, gizon horrek burua estalita zeramalako. Eta, ikusi nuen buruaren atzeko aldean Leganeseko Guetto 28 ultra taldeko tatuaje bat zeramala; horregatik, badakigu Guetto 28koak han zeudela. Gero, batzuek esan dute Zaragozako Ligallo taldekoak ere bazeudela, baina egia da nik ez nuela Ligalloko ikurrik ikusi.
Ion kalearen beste aldean zegoela esan zidaten, korrika joan nintzen, eta han ikusi nuen, lurrean, kalez jantzitako polizia nazional bat artatzen ari zitzaiola. Handik zebilen bat hasi zen esaten Ion erori egin zela, eta nik esan nion ezinezkoa zela, kolpe handiegia zuelako eroriko baten ondorioz izateko. Momentu horretan, beste polizia nazional etorri zen, eta identifikatu behar ninduela esan zidan. Ospitalera eramatera zihoazenean, esan zidaten ezin nuela beraiekin joan, baina kalez jantzitako beste polizia batek nire autoraino lagundu ninduen, badaezpada ere.
Handik, beraz, erietxera.
Ni eta Cornellako bi lagun joan ginen hara. Itxaroten egon ginen denbora dezentez, eta medikua atera zenean, esan zigun garezurreko haustura bat zuela eta belarriaren inguruko beste hezur batena ere. Eta, horrez gain, hiru hematoma zituela buruan; beraz, oso larri zegoela jakinarazi zigun. Horrela, koma induzitu zioten eta Burgosko ospitalera eraman zuten, Soriako erietxean ez zituztelako behar adina baliabide. Horrela, Cornellako lagunak berriz estadiora eraman nituen, eta han berriz identifikatu ninduen Poliziak, esanez begiratu nahi zutela ea kausaren bat neukan ordaindu gabe. Identifikatu nindutenean, polizietako batek esan zuen, “Donostiakoak dira, Bultzadakoak”. Egia da Bultzadakoak garela, baina argi esan nion erasoak ez zuela zerikusirik futbolarekin, gu Sorian geundela lagun batzuk bisitatzen, besterik gabe.
Handik, Burgosko ospitalera joan nintzen. Hurrengo egunean, Ionen emazteak deitu zidan, eta esan zidan Poliziaren atestatuan jartzen zuela soilik zauritu arin bat egon zela. Medikuaren txostena eraman genion Poliziari Nazionalari, eta, hurrengo egunean, deitu ninduten, galdetuz ea nik ikusi nuen nola jo zuten Ion. Nik ezetz esan nien, baina medikuak esandakoa esan nien: kolpeak zituela buruaren aurrealdean eta atzealdean, eta zu erortzen bazara, kolpeak aurrean edo atzean izango dituzula; beraz, horrek esan nahi duela jo egin ziotela. Azkenean, esan zidaten bideoak dituztela, eta deklaratu egin beharko dudala Donostiako komisarian, ea erasotzaileren bat identifikatu dezakedan-edo.
Zenbat erasotzaile ziren?
60-70 inguru. Ondorioztatu dugu ni sartu nintzen tabernako tapoia ikusita, Ion kalearen beste aldeko tabernara joan zela erasotik ihes egin nahian. Ordea, erasotzaileak beste alde horretatik ere sartu ziren, eta Ion harrapatu zuten.
Eraso antolatua izan zen?
Bai, ziur. Izan ere, gerora, argazki batzuk pasatu dizkigute, non ikusten den bigantxen ikuskizun bat antolatu zutela Orgullo Numantino ultra taldekoek, Guetto 28koekin eta, ustez, Ligallokoekin batera. Beraz, zerbait antolatua zen. Katalanen aurkako eraso antolatu bat zen, eta, kasualitatez, Donostiako bi harrapatu zituzten.
Hedabideak eta Polizia kritikatu dituzue asteotan.
Hemen gertatu izan balitz, hurrengo egunean operazio guztia muntatuta egongo litzateke. Eta, kasu honetan, ia hogei egun pasatu dira, oraindik ez dago atxilotu bakar bat ere, eta ez gaituzte deklaratzera deitu –telefonoz Poliziarekin hitz egin dugunaz gain–. Egunean bertan pertsona bat atxilotu zuten, baina ordu batzuen buruan askatu zuten. Ez dakigu zeren zain dauden.
Hedabideei dagokienez, Soriako prentsak jarri zuen ultren arteko borroka bat izan zela, eta hori gezurra da; oso ondo antolatutako eraso bat izan zen. Guk uste dugu Orgullo Numantinokoek antolatu zutela erasoa, eta beste talde horien laguntza izan zutela. Eta, ez dugu ulertzen nola egon zitekeen Espainiako Poliziaren patruila bakarra, Orgullo Numantinokoek bigantxen ikuskizun bat antolatu zutela jakinda. Gainera, ligako azken partida zen, bi taldeak kategoriaz jaisteko arriskuan zeuden, talde bat katalana zen eta bestea espainiarra… Uste dut arrisku handiko partidatzat hartzeko nahikoa arrazoi zeudela. Hori esan nien poliziei, eta esan zidaten ez daudela soilik futbolerako, txirrindularitza lasterketa batean ere egon behar zirela. Bikain, pertsona bat hilzorian eta zuk hori esaten didazu.
Zein izango da zuen hurrengo pausoa?
Epaiketa baldin badago, agian hemendik bi urtera izango da. Momentuz, garrantzitsuena Ion komatik ondo ateratzea. Ziurrenik, sekuelaren bat izango du, baina ikusiko dugu.