Gipuzkoako kale garbitzaileek manifestazioa egingo dute larunbatean, «hitzarmen duin baten alde»
Gipuzkoako kale garbikuntza eta zabor bilketaren hitzarmenaren negoziazioa “blokeatuta” dagoela eta, manifestazioa antolatu dute ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek larunbatean, ekainaren 17an, Donostian. 12:00etan hasiko da manifestazioa.
“Hitzarmenaren negoziazio mahaian egiaztatu da patronalak ez duela negoziazioetan aurrera egiteko borondaterik eta, beraz, blokeatuta dagoela. Sektore honetan 1.500 pertsona baino gehiago ari dira lanean, besteak beste: kale garbikuntza, zabor bilketa, zabortegiak, erraustegiak, hondartzen garbiketa, gaikako bilketa, birziklatze plantak, estolderia, etab.”, azaldu dute sindikatuek.
Egoeraren balorazio “oso negatiboa” egin dute, eta langileen “erosteko ahalmenaren galeraren” aurrean, manifestatzera deitu dute, hitzarmen duin bat eskatzeko.
Urtarrilean, sindikatuek 28 puntu eta landu beharreko gaiak biltzen zituen plataforma aurkeztu zuten, sektoreko lan baldintzak hobetzeko asmoz. Hala ere, lau hilabetez zain egon ondoren, patronalak “ia proposamen guztiak baztertu” dituela adierazi dute. “Are gehiago, murrizketak ere planteatu dira baja osagarrietan eta txanda kontratuetan. Baldin eta patronalaren jarrera ez bada aldatzen, ez da baztertzen mobilizazio gehiago deitzea”, jakinarazi dute.