Hondartza denboraldirako zerbitzu guztiak prest daude
Donostiako Udalak jakinarazi duenez, bihartik aurrera abian jarriko dituzte hondartza denboraldiko falta diren zerbitzuak. Toldoak, eguzkitakoak eta karpak erabilgarri egongo dira Donostiako hiru hondartzetan.
Kontxako hondartzako 440 toldoek badituzte adjudikatuta beren erabiltzaileak. Ondarretan, 424 toldoek eta 198 eguzkitakoek ere badituzte erabiltzaileak izendatuta. 98 karpetatik, berriz, 26 libre gelditu dira. Zurriola hondartzan, 240 toldoetatik 78 libre gelditu dira. Adjudikatu gabe gelditu diren toldo eta karpak, egun bakoitzeko alokatu ahal izango dira. Toldoaren prezioa 13,10 eurokoa da, eguneko, eta karpa, 21,90 eurokoa.
Bestalde, bihartik aurrera, alokatu ahalko dira aulkiak (eguneko euro bat) eta Zurriolako etzateko aulkiak (eguneko 3,5 euro, eta 8,40 euro eguzkitakoa badu).
Gainera, Kontxa hondartzan, mugitzeko zailtasunak dituztenentzako bainu lagunduaren zerbitzua ere hasiko da. Zerbitzuak hiru aulki anfibio ditu, eta irailaren 15era arte iraungo du, 11:00etatik 19:30era. Aldez aurretik hitzordua eskatu behar da, 662 387 008 telefonora deituta.
Ekainaren 1etik, sorospen zerbitzua martxan dago Donostiako hondartzetan. Bihartik aurrera, zaintzak ordutegi zabalagoa izango du. 10:00etan hasi eta 20:00etan amaituko da. 29 lagunek lan egingo dute sorospen zerbitzuan. Uretako bi motor izango dituzte, larrialdiei erantzun ahal izateko.
Eguneroko garbiketari dagokionez, hilaren 15etik irailaren 15era arte intentsitate eta baliabide handienekin egiten da. 22 langile arituko dira lan horretan, hondartzak egoera ezin hobean uzteko egunero. Gauean, baheketa egiten da hiru hondartzetan. 10etarako bukatuta egoten da, inolako eragozpenik ez sortzeko erabiltzaileei. Ordu horretatik aurrera, hondartzak eskuz garbitzen dira (paperontziak hustu, aldageletako eta Kontxako arkupeko sarbideak ekortu, eta abar). Horretaz gain, ontzi batek egunero jasotzen ditu badian ur gainean izaten diren zikinkeriak; eta gabarroiak eta Santa Klara uhartea ere garbitzen ditu.
Egunero bi aldiz husten dira hondartzetan jarritako paperontziak. Gaur egun, koloreen arabera bereizten da, jada, bakoitzean bota beharreko hondakina. 160 paperontzi daude Ondarretan, 160 Zurriolan, 130 Kontxan eta 60 Santa Klara uhartean.