Realaren Fundazioaren eguna ospatuko dute igandean Anoetan
Zubietako berritze lanak direla eta, aurten Anoetan ospatuko da, lehenengoz, Realaren Fundazioaren eguna. Igande honetan, ekainaren 18an, izango da, 10:00etatik 18:00etara, eta kirola, dibertsioa eta elkartasuna izango dira jardunaldiko ardatz bereziak.
Aurtengo Realaren fundazioaren egunean, ahalik eta janari gehien batzen saiatuko dira Gipuzkoan egoera zaurgarrian aurkitzen diren pertsonei bideratzeko. Estadioko hamahirugarren atearen inguruan karpa bat jarriko dute horretarako, eta, fundazioak azaldu duenez, honakoa da gehien behar dituzten elikagaien zerrenda: esnea, gailetak, moldeko ogia, marmelada, pasta, arroza, boteko zein leka lehorra, zukuak, opilak, tomate saltsa, olioa, irina, azukrea, kafe disolbagarria, arrautzak, atuna eta espeziak. Elikagaiak ekartzen dituztenek Ene Kantak taldearen emanaldiaren ondoren egingo den zozketarako txartel bat jasoko dute trukean. Zozketan, Realak sinatutako kamiseta bat lortu ahal izango da, besteak beste.
Egitaraua
Goizean hainbat futbol partida izango dira Anoetako berdegunean: infantil topaketa 10:00etan, kirol egokitua 11:00etan, Walking Football 12:30ean eta Realeko Genuine taldea 13:30ean. Estadiorako sarrera hamar eta hamaika ateetatik ahalbidetuko da.
Eguna “ezustekoz eta jolasez beteta” egongo dela azaldu dute antolatzaileek. 11:00etan, puzgarriak zabalduko dituzte haurrentzat, eta 12:30ean, Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoak izango dira. 16:00etan, Ene Kantak musika taldearen txanda izango da.
Egun osoan zehar, herri kirolak praktikatzeko eta hainbat tailer zein jokotan parte hartzeko aukera izango da. Gainera, Anoetako denda ofiziala irekiko dute, 11:00etatik 18:00etara. Dagoeneko eskura dago 2023-2024 bilduma ofizial berria, ohiko merchandisingaz gain.