Tabakalerako emakume zigarrogileen bizipenak jasotzen dituen filma estreinatuko dute ekainaren 16an
Tabakalerak Kearen artxibogileak. Ibilbide bat Tabakaleratik filmaren estreinaldia hartuko du ostiral honetan, ekainaren 16an. Tabako fabrika zaharreko langileek eta egungo Tabakalerako Hezkuntza arloko langileek egin dute pelikula, eta azken bi urteetan aritu dira horretan lanean.
Filmak eraikineko espazioetan barrena egindako ibilbide bat du ardatz, zigarro fabrikan elkarrekin lan egin zuten emakume talde baten ahotsetatik kontatua. Era berean, zigarrogileen bizipenekin sortutako artxiboko ikus-entzunezko material ugari biltzen du. Zigarroak egiteaz gain, Lupek, Asunek, Susik, Marivik, Clarak, Pilik eta Maitek bizi, partekatu, ikasi, borrokatu eta gauza asko ospatu zituzten tabako fabrikan.
Filmaren jatorria
Filma bezala, Kearen artxibogileak modu kolektiboan sortu zen, eta argazkiak, dokumentuak, bideoak, audioak eta objektuak biltzen ditu, gehienak fabrikako langileek urte luzez gordeak. Azaldu dutenez, etxeko artxiboak dira, “eta jatorrian ez ziren gorde jendaurrean erakusteko. Baina, urteen poderioz, iraganaren eta, ondorioz, orainaren irakurketa kritikoa egiteko aukera eman duten materialak bihurtu dira”.
2018ko udan Tabakalerako Sotoan ikusgai egon zen artxibo horretako materialarekin sortutako erakusketa bat. Era berean, artxiboa bera aberasteko eta zabaltzeko, azken urteotan hainbat bisita eta ibilbide egin dira eraikinean zehar.
Bisita horien ondorioz, Tabakalerako langile ohiek eta Tabakalerako egungo langileek osatutako taldeak ikus-entzunezko pieza bat egitea erabaki du, Lucia Montero artista bisualaren laguntzarekin. Pieza hori Tabakalerako zinean proiektatuko da datorren ostiralean, 19:00etan. Sarrera librea izango da, eta zigarrogileek filmaren aurkezpena egingo dute. Amaieran, beraiekin hitz egiteko aukera ere izango da.
Ikus-entzunezko pieza hori Tabakaleraren webgunean ikusi ahal izango da proiekzioaren ostean.