Donostiako lau osasun zentrotako ordutegia murriztuko dute udan

Osakidetzak hainbat osasun zentro itxi eta beste hainbatetan ordutegi murrizketak egingo ditu udan, tartean Donostiako lautan. Aieteko, Intxaurrondoko, Amara-Erdialdeko eta Loiolako anbulatorioak dira udan ordutegi murriztua izango duten hiriko osasun zentroak, Osakidetzaren barneko dokumentu batean zehaztu dutenez. Horrela, 17:00ak arte egongo dira zabalik udan anbulatorio horiek, 20:00ak arte zabalik egon ordez.
Guztira, Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako 50 bat osasun zentro itxiko ditu Osakidetzak udan, eta 70 bat osasun zentrotan ordutegi murrizketak egingo dituzte. “Uda eta opor garai guztietan bezala, Osakidetzak lehen mailako arretako zentroen eta Etenegabeko Arreta Guneen lanaldiak aldatzen ditu, lehenik eta behin, egun horietan gertatzen diren eskaera aldaketetara egokitzeko eta, bigarrenik, profesionalen atsedena errazteko”, azaldu du Osakidetzak.