Donostian egingo dute eremu urriko hizkuntzetan argitaratzen diren egunkarien Midas elkartearen batzarra

Midas Eremu Urriko eta Eskualdeko Hizkuntzetan Argitaratzen diren Egunkarien Europako Elkartearen 2023ko batzar orokorra Donostian egingo dute, ostiralean (hilak 16), Amara Plaza hotelean. Berria egunkaria elkarte horretako kide da, eta, hain zuzen ere, Berria-ren 20. urteurrenaren harira erabaki dute batzarra Euskal Herrian egitea.
09:00etatik 15:30era izango dira ekitaldi publikoak, eta hortik aurrerakoak Midasen ordezkarientzako soilik izango dira. 09:00etan, ongietorriaren ondoren, Edita Slezakova Midaseko lehendakariak hitz egingo du. Jarraian, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politika eta Kultura sailburuak hartuko du hitza, Beatriz Zabalondo Berria taldeko lehendakariak ondoren eta Euskalgintzaren Kontseiluak 10:30eko atsedenaldiaren aurretik. Atseden hartu ondoren, Itziar Cortes Etxabe eta Josu Aztiria Urtaran baliabide urriko hizkuntzen eta hedabideen adimen artifizialaren arloko garapenari buruz ariko dira. Azkenik, 11:45ean Berria 20. urteurrenaren harira garatzen ari den berritze prozesuaren berri ematen hasiko dira.
2001ean sortu zen Midas elkartea, eta Europako hamabi herrialdetako 27 egunkari dira elkarteko kide gaur egun, eta hamaika hizkuntzatan argitaratzen dira. Guztira, hiru milioi irakurle inguru dituzte, batez beste. Eremu urriko hizkuntzetan eta hizkuntza gutxituetan argitaratzen diren hedabideen interesak defendatzea da elkartearen helburu nagusia.