Ekologistak Martxan taldeak bandera beltza jarri dio Kontxako badiari

Urtero bezala, Ekologistak Martxan taldeak Bandera Beltzak 2023 txostena argitaratu du, itsasertzeko kutsadura eta ingurumen kudeaketa txarraren “kasu esanguratsuenak” ezagutarazteko. Euskal kostaldean, enpresen eta administrazioen jarduera “arretaz” jarraitu ondoren, Ekologistak Martxanek bere lau Bandera Beltzak aurkeztu ditu. Horietako bat Kontxako badiari jarri dio.
Taldeak azaldu duenez, Santa Klara uharteko enklabe babestua itsas hegazti ugariren habitata da, eta hainbat urtez uhartera joan-etorriak uda garaira mugatu ondoren, aurten bisita turistikoak udaberrian hasi dira, “uhartea urte osoan ustiatzeko asmoarekin, nazioarteko eta erosteko ahalmen handiaren turismoaren bitartez”.
Ekologisten ustez, “jarduera hau guztiz bateraezina da uhartean bizi diren itsas hegaztien habiekin”. Cristina Iglesiasen Hondalea eskultura uhartean jartzeko erabakiak “ondorio nabariak” dauzkala uste dute: “Bakerik eza, joan-etorria eta etengabeko eragozpenak dira, habiak bertan behera uztea eta ingurumen-kalitatea galtzea eragiten dutenak. Babestutako gune batean jarduera ekonomikoa lehenesten da, kontserbazioa zaindu behar duten ingurumen agintari eta teknikarien gelditasunak babestuta”, defendatu dute.