Euskarazko hamalau audioliburu argitaratu ditu Alberdania argitaletxeak

Alberdania argitaletxeak 30 urte bete ditu, eta egitasmo berritzaile gisa, euskarazko hamalau audioliburu argitaratzea erabaki du. Euskal liburugintzak biziraun dezan, uste dute “hil edo bizikoa” dela teknologiak eskura jartzen dituen baliabideak modu egokian erabiltzea. Zentzu horretan, urrats berri bat eman du Alberdaniak, eta gaur, Tabakaleran izan dira argitaletxeko ordezkariak eta proiektuan parte hartu duten hainbat idazle, audioliburuak aurkezten.
Literatur edukiari dagokionez, “lagin zabala” osatu nahi izan dute, nahiz eta eleberria den audioliburuetako genero nagusia, ipuin edo narrazio laburren aldean. Bederatzi nobela, lau ipuin bilduma eta genero desberdinetako piezek osatzen duten liburu bat argitaratu dituzte, Audioliburuak.eus enpresa espezializatuarekin lankidetzan.
Ahots goran irakurritako liburu baten grabazioak dira audioliburuak, eta Aritz Galarraga irakasle eta kritikariak aurkezpenean azaldu duenez, Frantzian, Alemanian eta Ingalaterran adibidez, “indarrez” ari dira sartzen irakur zaleen ohituretan. “Gurean, beti bezala, pixka bat beranduxeago, baina ematen du iristen hasi direla. Eta horregatik da, hain zuzen, nabarmentzeko modukoa Alberdaniaren apustua, ez bat ez bi, hamalau audioliburu merkaturatuko ditugulako kolpetik”, nabarmendu du Galarragak.
Horrez gain, nabarmendu du “lehen mailako esatariak” direla liburu hauei ahotsa jarri dietenak: Iñaki Beraetxe, Ainhoa Aierbe, Jose Felipe Auzmendi, Monika Erdoiza, Maria Redondo, Klara Mendizabal eta Iñigo Arretxe, besteak beste. Horiez gain, bi egile ere aritu dira esatari lanetan: Amaia Telleria eta Uxue Alberdi.
Jorge Gimenez Bech Alberdaniako editorearen hitzetan, argitaletxeak “berretsi” egin nahi du bide berrien aldeko apustua. “Bere g araian ebookarekin aitzindari izan zen bezala, euskarazko audioliburuaren eremuan ere halaxe jokatu nahi du, literatura irakurleenganako bide berri bila”, azaldu du Gimenezek.
Alberdaniaren audioliburu berriak
Honakoak dira Alberdaniak euskaraz argitaratu dituen hamalau audioliburuak: Lo potolo (Uxue Alberdi, Leire Bilbao, Harkaitz Cano, Juan Kruz Igerabide, Anjel Lertxundi, Miren Agur Meabe, Mitxel Murua eta Patxi Zubizarreta); Puntera beltzak (Almudena Cid); Aurkituko zaitut (Teresa Calo); Pitzatuta gaude denok! (Amaia Telleria); Zoaz infernura, laztana (Anjel Lertxundi); Gilles de Rais (Anjel Lertxundi); Haize-lekuak (Amaia Telleria); Susmaezinak (Itxaro Borda); Izarak (Goizane Aizpurua); Hauts bihurtu zineten (Juan Kruz Igerabide); Dublindarrak (James Joyce); Amez (Goiatz Labandibar); Lilurabera (Yurre Ugarte) eta Samuel eta Slawo (Karlos Linazasoro).