Bamba Wassoulou Groove eta Arima Soul taldeak ere Jazzaldian izango dira
Bamba Wassoulou Groove maliarrak etaArima Soul gipuzkoarrak batu dira 58. Jazzaldiko kontzertuen kartelera.
Maliko taldeak, Bamba Dembele zenduak 2013an eratuak, Afrikako “autentikotasun sakona eta zintzoa” transmititzen du gitarra joko elektriko baten bitartez, eta bambara tradizioa XXI. mendera ekartzea helburu. Jazzaldiaren antolatzaileen arabera, “emaitza berdinik ez duen musika da, gainezka egiten duen energia, berealdiko erritmoa eta izugarrizko ahalmen hipnotiko, kiskalgarri eta sentsuala, poz giro zoragarria sorrarazteko gai diren gitarra elektriko sutsuekin, espiral amaigabe batean uztartutako erritmo errepikakorrekin eta melodia sinple eta eranskorrekin”.
Bamba Wassoulou Groovek Europako bira bertan behera utzi duen Ladysmith Black Mambazo ordeztuko du, hilaren 25ean, 20:00etan Trinitate Plazan, Joss Stoneren kontzertuaren aurretik.
Bestalde, Arima souleko kideek Soul, Rhythm & Blues, Funk, 1960ko eta 1970eko hamarkadetako Jazz-Groove doinuak erabiltzen dituzte, baina estilo horien korronte garaikideenean begirada jarrita, Neo Soulean, alegia. Taldea DJ eta baxu Makalak eta “ahalmen handiko ahotsa” duen Lidia Insaustik sortua da, eta ondoren elkartu zitzaien Paul San Martin teklatuetan eta Gorka Gaztanbide baterian. Beren zuzenekoetan, euskaraz abestutako pieza propioak jotzeaz gain, Soularen figura adierazgarrietako batzuen bertsioak interpretatzen dituzte: Etta James, Curtis Mayfield, Marie Queenie Lyons eta Gil Scott-Heron, besteak beste.
Arima Soul taldeak doako kontzertu bat eskainiko du Pere Bujosaren ordez, uztailaren 21ean, 21:00etan Nauticoolen.
Sarrerak eta itzulketak
Trinitate plazan uztailaren 25erako programatua zegoen Ladysmith Black Mambazoren eta Joss Stoneren saio bikoitzerako dagoeneko erositako sarrerek automatikoki balio dute Bamba Wassoulou Grooveren eta Joss Stoneren saio bikoitzerako.
Aitzitik, diruaren itzulketa egitea nahi izanez gero, uztailaren 15era arte egin daiteke eskaera, hiru aukera hauen bitartez: presentzialki, Victoria Eugenia antzokiko leihatilan; telefonoz: 943-48 18 18 edo 943-48 11 50 edo posta elektronikoz: dksarrerak@donostia.eus.