Bidasoako bide berdea eta Euskal Pirinioetako mendateak
Bidasoaren zein Euskal Pirinioen inguruko mendateen eta ibilbide zirkularren xehetasunak azalduko ditugu hurrengo lerroetan, Donostiatik abiatuta, askotariko aukerak baitaude bizikletan naturaz gozatzeko.
Euskal Herriko bide berdeen erreferentziazko ibilbideetako bat Bidasoakoa da, eta egunero ikus daiteke jendea Irun eta Oieregiren arteko 47 kilometroko zatiren bat bizikletan edo oinez egiten. Donostiatik, Euskotren zerbitzua erabiliz erraz iristen da bide hasierara, eta, zalantzarik gabe, ibilbide oso aproposa da aldapak saihestu eta bizikleta ibilaldi lasai bat bilatzen duten horientzat. Gaitasun eta gogoen arabera, Irundik gora joan ahalko gara nahi bezain beste, eta itzultzeko bide bera erabiliko dugu.
Hala eta guztiz ere, ausartagoentzat, alternatiba gisa, bide berdearen inguruan aurkitzen diren mendateak konbinatuz ibilbide zirkularrak egiteko aukera politak daude. Euskal Pirinioak izenez ezagutzen diren mendateak, hain zuzen ere, Pirinioen ardatza zeharkatzen dutenak, Atlantikoko zatian. Batzuek Frantziako muga zeharkatzen dute, eta beste batzuek mendilerroa, isurialde batean edo bestean. Kirolzale guztientzat irisgarriak diren mendateak dira, trafiko gutxirekin orokorrean, edertasun ukaezina dutenak, eta ariketa fisikoaz gain, euskal orografiari buruzko begiratoki bikainak dira. Beraz, aukera paregabea dira ibilbide berriak bilatzen ari diren horientzat.
Hurrengo lerroetan mendate eta ibilbide zirkular hauen xehetasunak ezagutuko ditugu. Honako aukerez hitz egingo dugu: Aritxulegi eta Agiña; Kurleku eta Ibardin; San Inazio eta Lizuniaga; Lizarrieta; Ezkurra (Basakabi) eta Artesiaga eta Urkiaga; Ispegi eta Otsondo.
Aritxulegi eta Agiña (Oiartzungo isurialdea)
Kantauri itsasotik hurbilen dauden bi portuak dira. Oiartzun eta Lesaka lotzen dituen ibilbide klasikoa da, eta Bidasoako bide berdearekin konbinatuz ibilbide zirkularra egiteko aukera ematen digute. Errepidea 36ko gerraren ondoren preso errepublikanoek eraikia izan zen. Errepide hauek «Francoren esklaboen errepide» gisa ezagutzen dira. Logika militar batengatik diseinatuak izan ziren, eta, gaur egun, gure mendietatik pedalei eragin ahal izateko errekurtso ezin hobea bilakatu dira. Oiartzundik portu hasierara iritsi ahal izateko beste bide berde bat erabili dezakegu, Arditurrikoa. Ergoien pasatu ostean, basoen arteko ibilbide sigi-sagatsu batek lehen aldapetara eramango gaitu, eta 4,5 kilometroko igoerari egin beharko diogu aurre, Aritxulegiko tuneleraino. Igoerak baditu malda gogor batzuk, bereziki hasieran, baina igoera eramangarria da, eta eskertua, lasaitasunez hartzen bada. Tunelaren ondoren (568 metro), 3,5 kilometro jaisten dira, Endarako urtegiraino. Urtegia zeharkatu bezain laster hasiko dira Agiñako maldak (545 metro). Igoera Pagadi trinko baten azpitik doa, igoera polita da eta nahiko erosoa, %12ko inklinazioko puntu zehatzen bat kenduta. Portuaren goialdean Oteizaren eskultura dago, Aita Donostia euskal konpositoreari eskainia, baita monumentu megalitiko garrantzitsu bat ere, harrespilak eta dolmenak dituena. Goialdeko ikuspegia ere ederra da. Aiako Harria ikuspegi berri batetik ikusi dezakegu, eta paisai basati eta landatarraz gozatu ahal izango dugu.
Aritxulegi eta Agiña (Lesakako isurialdea)
Beste aukera errepide bera beste aldetik erabiltzea izango da. Esaten dutenez, mendate bat benetan ezagutzeko bere bi aurpegietatik zeharkatu behar da. Lesakatik Oiartzunera doan bide hau oso piriniarra da, eta Pirinio erdialdean aurki ditzakegun mendateei gogorarazten du. Agiña pasatu ostean, Aritxulegiko txanda iritsiko da. Endaratik Aritxulegiko igoera leuna da, eta Agiñakoa baino askoz laburragoa. Tunela pasatu eta jaitsiera egin beharko dugu Oiartzunera iristeko.
Kurleku eta Ibardin (iparraldetik)
Ibardin Pirinioetako lehen portua da, ozeanotik Herburua Berarekin lotzen duena. Bertara iristeko, Kurlekuko (133 metro) igoera txikia erabiltzea iradokitzen dugu. Eskualdeko baserri arteko errepidea da, baina aukera ona da, ederra eta trafiko gutxirekin. Bidea Biriatu ondoko A8 ordainpeko autobidearen sarreratik gertu jaiotzen da, eta Ibardin hasierara eramango gaitu. Kilometroz kilometro seinaleztatutako iparraldeko mendate honek 317 metro igotzen ditu bost kilometrotan, malda leunak ditu eta ez du %8ko inklinazioa gainditzen igoera osoan. Gora iristean, eskuinaldean, 800 metrora, Ibardingo merkataritza gunea ikusiko dugu. Prezio merkeek erakarrita, frantses ugari ibiltzen da bertan. Igoera hau erreferentzia da txirrindularitza profesionalean, etapa amaiera izan baita Euskal Herriko Itzuli askotan. Mendateko gainaren ostean, 5,3 kilometrora jaitsi, eta Berara iritsiko gara. Ondo merezita, Erdi Aroko zubitik Irunera edo Hendaiara doan bide berdea hartu ahal izango dugu.
Ibardin (hegoaldetik)
Kontrako zentzuan, Larhunen ikuspegi desberdin eta eder batekin gozatu ahal izango dugu. Gainera, igoera honek iparraldeko aldeak baino trafiko gutxiago izaten du, eta, beraz, aukera ona izan daiteke autoen presioa saihestu nahi duten horientzat. Ibardin igo ostean, Ipar Euskal Herrira jaitsiko gara, eta lehen aipatutako Kurleku mendatetik Hendaia edo Irunera itzuli ahalko gara.
Lizuniaga (Beratik)
Portu hau muga zeharkatzeko pasabiderik leunena da (217 metro), Beratik Sararaino eramaten gaitu, Larhun erraldoia gure ezkerrera utziz. Mendate hau 5,7 kilometroko pasealeku polita da, eta igoerak eta jaitsierak konbinatuz gainera iritsiko gara. Azken maldak kenduta, ez dira batere igoera gogorrak. Jaitsierak Sara herrira eramango gaitu, eta, bertan, etxe tradizionalez betetako herri polita ezagutu ahal izango dugu. Askoren ustez, Frantziako herri politenetako bat.
Mendate hau egiterakoan, txirrindulariok zirkuitu bat egin ohi dugu, Larhun inguratuz. Larhuneko tren kremailera hasten den puntura eramaten duen San Inazioko (177 metro), igoera eginez. Portu txiki hau jaitsita, Azkainera iritsiko gara, eta lehen aipatutako Ibardin hasiera puntura iritsiko gara. Bertatik, Hego Euskal Herrira itzuli gaitezke, Berara itzuliz Ibardinetik; bestela, Kurlekutik Hendaiara joan ahalko gara.
Usategieta Etxalarretik eta itzulera
Euskal Pirinioetako beste portu enblematiko bat, Etxalarko Usategieta (442 metro). Usoak udazkenean ehizatzeko sareak daude bertatik gertu eta hortik datorkio izena. Bidasoako bide berdea erabiliko dugu beste behin, Lesakako Bentetara iritsi arte eta bertan irtengo gara, zirkulazio gutxiko errepide zaharretik Etxalarko Bentas hotelera iristeko. Handik, 4 kilometro eta igoera txiki bat egin ostean, Etxalar herrira iritsiko gara, Pirinioetako Nafarroako arkitektura herrikoi estimagarri batez gozatu ahal izango dugu bertan.
Usategieta Frantziako Estatura doan hirugarren mendatea da, Ibardin eta Lizuniagaren atzetik, 7,4 kilometroko ibilbidearekin, leuna baina aurreko biak baino luzeagoa. Baso artean doa igoera osoa, lasaia da eta oso trafiko gutxikoa. Usategieta gainean, Ipar Euskal Herriko panorama eder batez gozatu ahal izango dugu, Sararainoko jaitsiera ahaztezin bat hasi aurretik. Lizuniagako (217 metro) iparraldeko isurialdetik Berara eta Bidasoako bide berdera itzuli ahal izango gara, 4,3 kilometroko beste igoera dibertigarri bat eginez.
Basakabi
Basakabi mendebaldeko isurialdeko Pirinioetako beste portu bat da, hiru igoera dituena: Leitza, Goizueta eta Doneztebetik, eta gain batean batzen dira. Basakabi ezizenez ezaguna txirrindularien artean, bertan garai batean egon zen eta orain itxita aurkitzen den jatetxearen izena dela eta. Mendate hau oso berezia da, bere hiru aldeetatik: Doneztebe, Leitza eta Goizueta.
Luzeena Doneztebekoa da. Igoerak Ezkurra ibaiaren ibilgua jarraitzen du. Igoera honetan Ezkurra, Zubieta, Ituren, Elgorriaga eta Doneztebe herri xarmantak pasatuko ditugu. Ezkurrako bidetik gertu, Saldias, Erasun, Beintza-Labaien, Oitz, Donamar eta Urotz herri ederrak aurki daitezke. Igoera honetara iristeko, Donezteberaino bidasoako bide berdea erabili beharko dugu, eta gero Goizuetako errepidetik Donostiara itzuli ahalko gara.
Basakabi Goizuetatik igo ahalko dugu ere bai, Hernanitik abiatzen den errepidea jarraituz. Errepide lasaia eta basati samarra da, behin Hernani ondoko industrialdeak pasatuta. Gorabeheratsua oso, baina merezi du ahaleginak, zalantzarik gabe.
Beste aldea Leitzakoa da. Nafarroako herri honetara iritsi ahal izateko, Plazaolako bide berdea hartzeko aukera dugu, eta gero, Bidasoako bide berdetik jaitsiz, itzuli luze eta eder bat geldituko zaigu. Nahiago izanez gero, Tolosatik abiatzen den errepidea ere erabili daiteke. Ibarra, Berrobi, Elduaien eta Berastegi herriak pasatuz, Leitzara iritsi aurretik.
Zalantzarik gabe, aukera guztiak dira ederrak, txirrindulari bakoitzak bere gaitasun eta motibazioetara ondoen moldatzen dena aukeratu beharko du. Indartsuen dabiltzanek Plazaola gehi Bidasoako bide berdeak konbinatzen dituen 100 kilometrotik gorako itzulia egin dezakete. Oso indartsu badaude, mendate estraren bat sartu dezakete, baite ere. Lasaiago joan nahi dutenek, mendate xumeago edo igoera bakarreko itzuliak bila ditzakete. Trena erabiltzeko aukera ere hor dago, ibilbide luzeak saihesteko aukera emanez. Edozein kasutan, aukera falta ez da aitzakia bizikletaz eta naturaz gozatu ahal izateko, urrunera joan gabe. Beraz, ez izan zalantzarik! Planifikatu zuretzako aukerarik egokiena eta gozatu bizikletaz!