Bost eguneko sanjoanak Amara Berrin
Hemen dira, beste urte batez, Ikasbide kultur elkarteak antolatutako San Joan jaiak. Hurrengo ostiralean sua egiteaz gain, asteburu honetarako egitarau zabala prestatu dute.
Joan den urtean ospatu zituzten pandemiaren osteko lehenengo Amara Berriko sanjoanak, baina ohi baino egitarau txikiagoko jaiak antolatu zituen Ikasbide elkarteak: «Soilik bi eguneko jaiak egin genituen, ez ginen ausartu gehiago egitera. Aurten, aldiz, betiko moduko jaiak egitea erabaki dugu, egitarau zabalagoarekin», azaldu du elkarteko kide Josebe Amondarainek. Aurtengo kezka, ordea, beste bat da, hiri honetako ohiko kezka bat: «Eguraldiak kezkatzen gaitu, beti bezala».
Gaur hasiko dira jaiak, eta 18:30ean txokolate jana egingo badute ere, 19:30ean botako dute txupinazoa, Probestu plazan. Suziria bota bezain laster, kalejiran abiatuko dira auzoan barrena, txistulariekin, buruhandiekin eta iaz egin zituzten erraldoi berriekin. Iluntzean, ohiko Txabol Sotoa jarriko dute plazan, Amondarainek kontatu duenez: «Txabol Sotoa da plazan jateko jartzen dugun lekua. Elkartean pintxoak eta bestelakoak prestatuko ditugu, eta Txabol Sotoan banatuko ditugu». Hain zuzen ere, prezioen gorakadaren ondorioz, Txabol Sotoa jartzeko iaz baino dezente gehiago ordaindu behar izan dutela nabarmendu du Ikasbidekoak: «Espero dugu jendea etortzea, gastuei aurre egiteko!».
Gauean, rock kontzertuak antolatu dituzte, Danajan eta Plan B taldeekin. Danajan talde donostiarraren kasuan, gainera, euren lehenengo kontzertua izango da; Rafa Cabeza da taldeko burua. Kontzertuei dagokienez, Amondarainek deitoratu du oso goiz bukatu behar dituztela: «Probestu plazako bizilagun batek salaketa bat jarri zuen duela hainbat urte soinuarengatik, eta, horregatik, ordutegi mugatua daukagu: ostiralean hamabietan bukatu behar dugu, eta larunbatean ordubatak aldera».
Larunbatari dagokionez, egun osoko egitaraua dute, goizeko dianarekin, helduentzako toka eta mus txapelketa arrakastatsuekin, haurrentzako jolas eta ikastaroekin, eta paella lehiaketarekin, besteak beste. Gauean, Oihan Vega DJ-a ariko da, afaldu aurretik haurrentzat eta afaldu ondoren gazteentzat: «Iaz ere etorri zen, eta arrakasta handia izan zuen», nabarmendu du Ikasbidekoak.
Kaleko Afari Solidarioak
Igandean, bazkari berezi bat antolatu dute, Amondarainek nabarmendu duenez: «Kaleko Afari Solidarioak taldearentzat dirua biltzeko izango da [gauero zaurgarritasun egoeran dauden pertsonentzat afariak prestatu eta banatzen dituen taldea]. Izan ere, Ikasbidekook elkartea utzi ohi diegu afariak prestatzeko, eta jaietan parte hartzeko eskaera egin ziguten. Txartelekin lortzen duten diru guztia beraientzako izango da».
Bestalde, goizean, Ikasbide elkarteko euskal dantza taldekoen eta Ikasbide ikastetxekoek dantza emanaldiaren aurretik, kalejira egingo dute; aurten, Soinu Alai eskolako trikitilariak eta guzti: «Urte osoan elkartean entseatzen dute, eta jaietan parte hartuko dute».
San Joan bezpera
Asteazkenean jai giroa ere presente egongo da auzoan, Amara Berri Kantuz taldeak kaleak alaituko baititu. Ordea, ostiralean borobilduko dituzte jaiak, San Joan bezperan: «Atano pilotalekuaren inguruan egin ohi dugu, eta hainbat eragiletako kideak elkartzen gara: Berritsukoak, Ilunkikoak, eta abar. Sua egiten dugu denon artean, Superxagu jai batzordekoek antzerki txiki bat egiten dute, eta Ikasbidekook kafea eta pattarra banatzen dugu».
Horrela, herritarrak Amara Berriko sanjoanetara joatera animatu ditu Amondarainek: «Giro euskaldun oso polita egoten da, eta oso ondo pasatzen dugu. Gainera, opor garaian gaude jada!».
Jaietako egitarau osoa hemen kontsultatu dezakezue.