Indarkeria matxistaren aurkako kanpaina prestatu du udalak udako jaiei begira
Donostiako Udaleko Berdintasun sailak eraso sexisten eta indarkeria matxistaren aurkako kanpaina bat prestatu du udan egiten diren jaiei begira. Festetan ere aske, Indarkeria sexistarik ez!, da aurtengo leloa, Ane Oiarbide jarduneko Berdintasuneko zinegotziak adierazi duenez.
Kanpaina hori egiteko, informazio baliagarria duen materiala prestatu dute lau hizkuntzatan: euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez. Horiez gain, kanpainaren leloa daramaten txapak, eskumuturrekoak, eta itsasgarriak prestatu dituzte. Era berean, udaletxeko alboko balkoian jarriko duten pankarta bat ere prestatu dute.
“Gainera, iaz egin genuen bezala, Bulebarreko prentsa kiosko zaharra berriz ere puntu morea izango da jaietako indarkeria matxisten aurrean informazioa, prebentzioa eta arreta emateko”, adierazi du Oiarbidek. “Puntu horretan, indarkeria eta jokabide matxisten inguruko sentsibilizazioa eskainiko da, eta botere zein menderatze joerak eta harremanak prebenitzeko premiaz ohartaraziko da. Era berean, errespetuan oinarritutako harreman afektibo sexualak sustatuko dira eta festetan gerta daitezkeen indarkeria matxistako kasuei erantzungo zaie”, azaldu du.
Liburuxkekin batera, kanpainaren leloa duten 5.000 txapa, 12.500 eskumuturreko luminiszente, tabernetarako 1.000 itsasgarri eta 16.000 txartel prestatu dituzte. Era berean, eraso sexisten kasuetarako protokoloaren 1.000 ale prestatu dituzte, ostalaritza establezimenduetarako.
Tabernetan materiala banatzeko eta informazio gune bat jartzeko kanpaina ekainaren 23an hasiko da, San Juan jaietarako (puntu bat Kursaaleko zubian), eta jai hauetan egongo da martxan: Jazzaldian (puntu bat Kursaaleko zubian), Karmengo jaietan (puntu bat portuan), Groseko Zipotz jaietan (puntu bat Katalunia plazan), Aste Nagusian (puntu bat Bulebarreko kioskoan), Euskal jaietan, estropada igandeetan (puntu bat Bulebarreko kioskoan), Egiako Porrotxo jaietan (puntu bat Karmengo Ama kalean) eta abenduaren 21ean, Santo Tomas egunean (puntu bat Bulebarreko kioskoan).