Paris, uste baino gertuago
Garberako baserri txiki bat zen Paris, eta gaur egun izen bera duen orube batean zegoen kokatuta, Altzan. Baserri horri buruzko lehen dokumentu idatzia 1810ekoa da, eta historian zehar, hainbat jabe izan ditu; erosia izan da batzuetan, eta oinordetzan jasoa beste hainbatetan.

Altzako auzotar batek, Jose Joakin Altunak, Paris baserria saldu zion beste altzatar bati, Francisco Goikoetxeari, 1810eko martxoaren 25ean. Hori da baserri horri buruzko lehen dokumentu idatziak dioena, eta Estibaus.info webgunean Iñigo Landak eta Patxi Lazkanok jaso dutena. Dokumentu horretatik abiatuta, Altzako baserriaren historia azaldu dute.
1821eko apirilaren 25ean, Francisco Goikoetxeak Paris baserria Francisco Aranbururi saldu zion. 1762an Ezkion jaio zen Aranburu, eta Venezuelara emigratu zuen. Dominga Antonia Machadorekin ezkondu zen, eta bi alaba eta seme bat izan zituzten. Domingak, 1819an hil baino lehentxeago, senarrari eskumena eman zion bere izenean testamentua egin eta bien ondasunak administratzeko.
Hiru urte geroago, 1821eko urtarrilean, Francisco Aranburu bigarren aldiz ezkondu zen, Donostian, Maria Ignacia Ezpondarekin (Hondarribia, 1800), eta, urte horretako martxoan, Garbera-goia baserria erosi zuen 92.000 errealen truke. Hilabete geroago, esan bezala, Paris baserria, 6.500 errealen truke.
Urte horretako abuztuan hil zen lehen emaztearekin zuen semea, eta Aranburu geratu zen oinordeko bakar. 1825ean, Francisco Aranburuk, eskritura bidez, askatasuna eman zion zuen esklabo beltz bati, bere zerbitzu ona eskertzeko. Maria Ignacia Ezpondarekin bi alaba eta bi seme izan zituen. Aranburu 1829an hil zen, eta alarguna eta seme-alabak Parisen jabe geratu ziren.
1869an, Francisco Aranbururen oinordekoek baserria Altzako Maria Sebastiana Ibarburu eta Arzaki saldu zioten. Hil zenean, haren seme Francisco Alkizak jaso zuen Paris oinordetzan, eta Alkizak, bere bost seme-alabei utzi zien baserria, bera zendu ostean. Dokumentuaren arabera, jabe guztiak, baserria bezala, “xumeak” izan ziren.