Zientzialari txikiak danio arrainak aztertzen
Kaixo lagunok! Gu Aitor Ikastolako LH-ko 4. mailako ikasleak gara eta ‘danio rerio' arrainekin esperimentu batzuk egin ditugu. Artikulu honetan egindako esperimentuak, ondorioak eta ikasitakoak azalduko dizkizuegu. Proiektu honetan danio arrainak ezagutu ditugu eta maitemindu gara! Esperientzia honekin asko gozatu dugu eta ikasi ere bai!
Danio rerio izen zientifikoa duen arrainean oinarrituta dago esperimentua. Arrain hauekin metodo zientifikoa erabiltzen ikasten ari gara.
Zergatik aukeratu genituen danioak? Arrain hauek askotan erabiltzen dira laborategietan gizakiarekin antzekotasun genetiko handia daukatelako. Horrez gain, enbrioiak gardenak dira, eta, honela, bihotza eta beste organo garrantzitsuak beha daitezke.
Apirilean arrautzak jaso genituen, eta gure lehenengo kezka hau izan zen: ze tenperatura izango da egokiena danioak eklosionatu daitezen? Horri erantzun ahal izateko, zera egin genuen: hainbat Petri plakatan danio arrautzak ipini genituen, eta manta izeneko berogailu baten gainean jarri genituen. Batzuk barrurago, beste batzuk kanporago, eta zuten tenperatura termometro batekin neurtzen genuen.Taula batean hainbat datu jasotzen genituen: Tenperatura, zenbat zeuden bizirik eta zenbat hiltzen ziren.
Bestalde, mikroskopio digitalez behatzen genituen.Ondoren, argazkiak ateratzen genizkien eta bideoak grabatzen genizkien, baita ere.
Bizpahiru egun pasatu ondoren, eklosionatzen hasi ziren, eta tenperatura altuagotan egon zirenak izan ziren azkarrago arrautzetatik atera zirenak. Beraz, gure lehenengo galderari erantzuna lortu genuen: 28-30 graduko tenperatura egokiena da danioak eklosiona daitezen.
Oso txikiak zirenez, hiru egunez dukesatxo izeneko ontzi txiki batean sartu genituen, eta ontzi hori Maria bainu moduan arrainontzian sartu genuen, hango tenperaturara egokitu zitezen.
Denbora hori igaro ondoren, gure bigarren esperientzia hasi zen: oxigenoaren gailua ez genuenez ipini, hainbat landare jarri genituen funtzio hori betetzeko. Gure hurrengo kezka hau zen: jarritako landare mota artean zein izango litzateke egokiena gure danioentzat?
Ordutik, taula batean egunero datu batzuk jasotzen hasi ginen: uretako tenperatura, amoniako kopurua, zenbat zeuden bizirik, zenbat hiltzen ziren eta landarearen egoera. Datuak jasotzeko eta arrainen zaintza egiteko (ura garbitu, berritu eta arrainei jana eman) taldeka eta txandaka egiten genuen.
Datu jasotzea egin ondoren, 4. mailako eta 6. mailako ikasleok (Danio proiektua egin dugunok) Egiako kultur etxean Maria Jesus Cimadevilla zientzialariarekin (Aprende con danio proiektuaren sortzailea) elkartu ginen, gure datuak aztertzeko eta zein zen landarerik egokiena erabakitzeko. Gure ikerketa zientifikoa kontuan hartuta, hemendik aurrera danioen faunariumetan musgo de Java landarea erabiliko dugu.
Gure esperientzia oso polita izan da, bizidun bat zaintzen ikasi baitugu (ura garbitu, jana eman…) eta metodo zientifikoa erabiliz ikerketak egin baititugu: uraren tenperatura neurtu, amoniakoa, nitrito- nitratoak eta bestelakoak neurtu eta kontrolatu, eta abar.
Proiektu honekin asko ikasi dugu, eta oso ondo pasatu ere bai!
Oso harro gaude egin dugun lanarengatik eta danio asko bizirik mantendu ditugulako gure zaintzari esker!