150 parte hartzaile bilduko dira Subizi gaueko suaren inguruan
Urtero bezala, Subizi gaua ospatuko dute Egian ostiral honetan, ekainaren 23an. Egia Bizirik auzo elkarteak, Egia euskaraz taldeak eta Donostiako Udalak elkarlanean antolatu dute Plaza Haundiko festa, eta, orotara, 150 lagunek hartuko dute parte, hainbat zereginetan.
17:00etan hasiko da jaia, berritasun batekin. Itsaso Alkorta Egia Bizirikeko kideak azaldu dutenez, Haurtxoko eta Gaztelekuak Mitologia jaia antolatu du Egian, lehenengoz. 19:00ak arte, gazteenek mitologiaren inguruko istorioak entzun eta jokoak egingo dituzte.
Sua piztu baino lehen, erromeria izango da Imanol eta Eneritz trikitilariekin, eta ohi bezala, lore sorten banaketa ere egingo dute, 21:30ean.
22:15ean hasiko da suaren inguruko festa. Aitor ikastolako eta Maria Reina ikastetxeko ikasleek Subizi gauerako koplak landu dituzte, eta edalontzi dantza ere egingo dute Subizi gauean. “Beraiek emango diote hasiera ekitaldiari, lizarraren inguruan. Ondoren, abesbatzaren txanda izango da, eta, azkenik, dantzariak aterako dira”, adierazi du Alkortak.
100 dantzari izango dira Subizi gaueko akelarrean, eta Xabi Solanoren Erre zenituzten abestia eta alpargata tradizionala dantzatuko dituzte. “Dena izango da lizarraren inguruan, eta, gero, txistularien doinuekin lizarrari su emango diogu”, jakinarazi du Egia Bizirikeko kideak.
Erdi Aroko burukoak
Aurtengo beste berritasun bat da Erdi Aroko kapelak egin dituztela Subizi gauerako. “Maiatzaren amaieran ikastaro bat egin genuen, eta hogei emakumek eman zuten izena. Hamar buruko egin ditugu, eta argi suziak eramango dituztenek jantziko dituzte”, azaldu du Alkortak.
Gaineratu duenez, Mari Domingirena da esanguratsuena, baina, berez, XVIII. mendean emakumeek erabiltzen zituzten buruko horiek. Subizi gauean, Egiako emakumeek berreskuratuko dituzte.