Atotxarrekak mikrobus zerbitzua izango du uztailetik aurrera
Donostiako Dbus autobus zerbitzuak jakinarazi duenez, Atotxarrekako bizilagunek hainbatetan eskatu duten autobus zerbitzua izango dute uztailaren 1etik aurrera. Añorgako auzune bat da Atotxarreka, non azken urteotan bizilagun kopurua handitu egin den; horregatik, bizilagunek denbora daramate salatzen gorakada hori ez dela zerbitzuak hobetzearekin batera etorri. Besteak beste, autobus zerbitzu baten beharra aldarrikatu dute hilabeteotan, eta horren aldeko 625 sinadura aurkeztu zituzten udaletxean.
Dbusek udako zerbitzuen berri emateko ohar berean eman du Atotxarrekako mikrobus zerbitzuaren berri, baina ez du zehaztu soilik udan egongo den funtzionamenduan ala urtean zehar ere mantenduko duten: “Linearen funtzionamenduaren eta erabileraren balorazioa egingo da”. Aipatzekoa da, halaber, Urgullera zihoan mikrobus linea kendu egin dutela; hau da, mikrobus linea bat kendu dute leku batetik eta beste bat jarri dute beste leku batean.
Linea berriak Atotxarreka eta Antigua lotuko ditu, 60 minutuan behineko maiztasunarekin. Lanegunetan, 07:40etik 21:40era egingo ditu irteerak funikularretik eta 08:00etatik 21:00etara Atotxarrekatik; larunbatetan, 08:40etik 21:40era funikularretik eta 09:00etatik 21:00etara Atotxarrekatik; jaiegunetan, 09:40etik 21:40era funikularretik eta 10:00etatik 21:00etara Atotxarrekatik. Hemen ikus dezakezue ibilbidea zein bestelako xehetasunak.
Udako zerbitzuak
Atotxarrekako mikrobusaz gain, Dbusek azaldu du ostiral honetan (hilak 23, San Joan bezpera) jarriko dituztela martxan udako zerbitzuak (abuztuaren 31ra arte funtzionatuko dute) eta aurten ere Illunbeko turistentzako aparkalekua eta hiriaren erdigunea lotzen dituen doako linea funtzionamenduan jarriko dutela, uztailaren 8tik irailaren 10era arte.
Udako zerbitzu bereziei dagokienez, San Joan bezperan gautxorien ordutegiak luzatuko dituzte, erdigunetik auzoetara doazen lineen ordutegiak luzatuko dituzte hilaren 23tik abuztuaren 31ra arte, gautxori gehiago jarriko dituzte denbora tarte bereko ostiral eta larunbatetan, 24 era 27 linean 30 minutuan behin ibiliko dira jaiegunetan ere, Igeldoko eguneko zein gaueko zerbitzuak hobetuko dituzte eta ekitaldi bereziak dauden egunetan –Jazzaldia, Aste Nagusia, eta abar– zerbitzu bereziak jarriko dituzte. Xehetasun guztiak hemen kontsultatu daitezke.