Gipuzkoa Basketek ezin izan du maila igoera lortu
Donostiako saskibaloi taldea beste urtebetez arituko da Urrezko LEB ligan, Burgosen aurka galdu ostean (64-69).
Finalerdietan jasotako porrotaren ondorioz, ezin izan zuten Palentziaren aurkako finala jokatu –eurek lortu dute ACB ligara igotzea–. Emaitza honekin amaiera eman diote denboraldi polit bati, igoera lortu ez badute ere. Lolo Encinasek aipatu duen moduan, oso harro dago etxeko jokalariekin denboraldian zehar lortutako emaitzekin.
Asteburu honetan, maila gorenera igotzeko Lauko Finala jokatu dute Burgosen. Bertan, etxeko taldeaz gain, Palentzia, Gipuzkoa Basket eta Valladolid lehiatu ziren igoera postua lortzeko helburuarekin. Larunbatean finalerdiak jokatu ziren, eta Gipuzkoa Basket Burgosen aurka lehiatu zen. Hasieran etxeko taldeak bere jarraitzaileen presioa nabaritu zuen, eta Gipuzkoa Basketek minutu horiek aprobetxatu zituen, 11-0 partziala lortuz. Gipuzkoako jokalariek maila hori partidu guztian zehar mantentzen saiatu ziren, baina, azkenean ezin izan zuten emaitza positiboa lortu. Azken laurdenean, Burgosek markagailuari buelta eman zion, eta, azkenean, igandeko finaleko txartela lortu zuen.
Aipatu behar da Gipuzkoa Basketek Justin Jaworskiren baja izan zuela. Estatubatuarrak ez zuen Lauko Finala jokatzerik izan, finalerdien egunean ezkondu zelako haren herrialdean. Denboraldian zehar maila onean ibili den jokalariaren bajak ez zuen galera handia suposatu beste taldekideek erakutsitako maila ikusita. Etxeko jokalariak erabiltzeko apustuak, sekulako harrera ona izan du zaleengan, hori oso baliagarria da Gipuzkoako saskibaloi talde desberdinentzat. Entrenatzaile donostiarra oso harro dago jokalariek denboraldian zehar erakutsitako mailarekin, eta proiektuari jarraipena emateko taldea sortzeagatik. Hurrengo urteari begira espero dute emaitza hauek errepikatzea, eta noski, maila igoera lortzea.