Kapelaren ibilbidea egin dute, lehenengoz, Donostian
Mota guztietako kapelak jantzi, eta jende andana batu zen atzo Donostian lehenengoz egin zuten Kapelaren ibilbidean. San Martin auzo elkarteko kideek antolatuta, Miramar jauregiko lorategian elkartu ziren guztiak 10:30ean, eta ongietorri ekitaldiaren ostean hasi zuten ibilbidea. Kontxako pasealekuko erlojuetara joan ziren, eta ibilbidea San Martin auzoko Manterola kalean amaitu zen, 14:30ean. San Martin auzoko merkataritzari ikusgarritasun handiagoa emateko eta kapelaren kultura sustatzeko helburuarekin antolatu zuten ekitaldia.
Kapelaren ibilbidean zehar hainbat kultur ekitaldi egongo ziren. Miramar jauregian zuzeneko musika izan zen, zerbait jateko eta edateko aukera ere bai, eta photocallean argazkiak egin ahal izan zituzten. Kontxako pasealekuko erlojuetan lindy hop-a dantzatzen aritu zen talde bat, eta San Martin auzoko kaleetan ere (Manterola, Triunfon eta Eason, besteak beste), dantza ekitaldiez eta musikaz gozatzeko aukera izan zen.
New Yorken duela 100 baino gehiago hasi ziren Kapelaren ibilbidea egiten, Pazko asteko igandean. Duela hogei urte inguru Bartzelonara eraman zuten Espainiako kapelgintzaren elkarteko Nina Pawlowsky eta Cristina de Pradaren eskutik, eta orain Donostiara iritsi da, “luzarorako”, San Martin auzo elkarteko kideen esanetan.