Maldapa giza proba egingo dute aurten ere Intxaurrondo Zaharreko jaietan
Iazko arrakastaren ondoren, aurten ere Maldapa giza proba egingo dute Intxaurrondo Zaharreko jaietan (irailaren 7tik 10era dira jaiak), eta dagoeneko izena eman daiteke. Intxaurrondoko Bilindo tabernan eman behar da izena.
Lizardi kaleko aldapa gogorrean egiten dute Maldapa giza proba, eta hiru proba ditu guztira: 500 kilo harria aldapan gora eramatea zortzi lagunen artean (iaz Intxaurrondoko Sarek egindako marka gainditu beharko da: 02:34 minutu), 150 kilokoa lau lagunen artean igotzea eta mozorro lehiaketaren proba. Hirugarren horretan, talde osoa gai bati buruz mozorrotu behar da, eta kideetako bat leraren gainean igo, lera aldapan gora eramateko. Irailaren 9an izango da Maldapa giza proba.
Iazko Maldapa giza proban Intxaurrondoko talde bat eta Antiguako bat lehiatu ziren, eta etxekoak izan ziren garaile. Egitasmo arrakastatsua izan zen, eta beste auzo batzuetan ere antzeko probak egin zituzten; Antiguan, esaterako, Antiguako, Intxaurrondoko eta Añorgako talde bana lehiatu ziren, eta Antiguakoek irabazi zuten.