Willis Drummond taldeak Donostian borobilduko du kontzertu bira
Oraindik asko falta bada ere, Lapurdiko Willis Drummond laukoteak iragarri du non bukatuko duen Hala ere diskoaren aurkezpen bira. 2024ko urtarrilaren 5ean izango da, Donostiako Intxaurrondo Kultur Etxean. Sarrerak dagoeneko salgai daude helbide honetan.
Hiria eta lekua apropos aukeratu dituztela azaldu dute: “Zergatik Donostia? Alde batetik, ainitzetan jo dugulako bertan erregeentzat eta beti ongi pasatu delako, eta bestetik, geografikoki zentrala ikusten dugulako, Euskal Herri osoko lagunak hurbilarazteko. Gainera, ostiral batez izanen da, beraz iparraldean erregeak ez badira hain beste ospatzen ere, posible izanen da etortzea Lapurdi, Baxe Nafarroa ala Xiberotik azken kontzertu hori gurekin bizitzera…”.
Eta zergatik aukeratu dute Intxaurrondoko kultur etxea? Hona hemen erantzuna: “Proposamenarekin biziki animatuak agertu baitira eta karta xuria eman digutelako gaualdia nahi genuen bezala antolatzeko… Beraz ez pentsa kontzertu arrunta izanen dela hau! Xehetasunak emanen ditugu datozen aste eta hilabeteetan, baina jakin ezazue bistan da artista gonbidatu bat egonen dela kontzertua hasteko, baita gonbidatu batzuk gure kontzertuan bertan…”.