Bideoaldiaren 35. edizioa aurkeztuko dute Antzoki Zaharrean
Larrotxene Kultur Etxeak antolatzen duen film laburren proiekzioa egingo dute datorren ostiralean, hilaren 23an, 19:00etatik aurrera. Bideoaldiaren edizio honetan ikasturtean zehar ekoiztutako sei film labur ikusteko aukera izango dute Antzoki Zaharrera bertaratzen direnek. Sarrera doakoa izango da, gonbidapenaren bidez. Hauek emanaldiaren egun berean Antzoki Zaharreko leihatilan eskuragarri egongo dira 17:00tatik aurrera.
Intxaurrondon kokatuta dagoen zentroa ikus-entzunezkoetan espezializatuta dago. 35 urte hauetan zehar, ehunka proiektu ekoiztu eta aurkeztu dituzte Bideoaldiaren edizio desberdinetan. Dagoeneko 500 proiektu dira plazaratu direnak, eta beste hainbat dira lagundutako koprodukzioak. Aurtengo ekitaldian sei izango dira aurkeztuko dituzten film laburrak. Ekitaldiak ordubeteko iraupena izango du eta ikasturtean egindako lau proiektuez gain, bi koprodukzio aurkeztuko dituzte, Determinadas (Iulen Arana) eta Normas de higiene (Amaia San Sebastian).
Film laburrek gai desberdinak lantzen dituzte. Aurtengoak honako hauek izango dira: Hibernazioa (Andoni de Carlos), Matamoscas (Irene Royo), Martes por la mañana (Mikel S. Galardi) eta Kosmikoa (Ane Rotaetxe). Iraupenari dagokionez, hamar minutu baino gutxiagokoak izango dira, eta urtean zehar landutako irakasgai bakoitzeko proiektu bat aurkeztuko dute.
Aurtengo ikasturtea, 2022-2023, berezia izan da. Larrotxeneko obrak direla eta, Intxaurrondo Kultur Etxera eraman behar izan dituzte klaseak. Hori dela eta, ikastaro kopurua murriztu behar izan dute. Behin hobekuntzak bukatutakoan, irailean berriz ere ikastaroa ohiko lekura bueltatuko da. Hobekuntzen artean, material, ekipamendu eta instalazio berriak topatuko dituzte, oso baliagarriak izango direnak proiektu berriak abiatzeko.