Donostiako lau ikastetxetan patio inklusiboak eraikiko dituzte udan
Donostiako lau ikastetxek uda aprobetxatuko dute beren jolastokiak eraldatzeko eta eremu inklusiboak sartzeko, kirol kantxek jolas espazio osoa har ez dezaten.
Azken Gobernu Batzordeak, joan den asteartean onartu zituen eskola jolastokiak eraldatzeko lau proiektuen aurrekontuak: Ibai Ikastola (96.800 euro), Aiete Ikastetxea (80.000), Zuhaizti (96.800) eta Amara Berri Urbieta (96.800). Guztira, 340.448 euroko inbertsioa izango da. Kopuru horren % 10 Donostiako Udalak ordainduko du, eta gainerakoa, Eusko Jaurlaritzak.
Ohikoa denez, udalaren jabetzakoak diren ikastetxe publikoetako obrak uda aprobetxatuz egiten dira, lanek ohiko jarduerari traba egin ez diezaioten. Patio berrien diseinua erabakitzeko, parte hartzeko prozesuak egin dira eskola komunitateekin, irakasleekin eta familiekin.
Iaz, Burdinoletako Amara Berri ikastetxeak estalki berri bat hartu zuen, eta 2021ean pandemian egiteke geratu ziren obrak egin ziren. Altza Herri Ikastetxeari ere egokitu zitzaion txanda, patioa 378.249 eurotan eraberrituta, espaziorako irisgarritasun hobea emanez. Herrera Ikastetxean kanpoko arotzeria aldatu zen eta fatxadak margotu ziren, 210.055 euroko kostuarekin.