Howdy donostiarrek euskaratu egin dute 2020an argitaratu zuten diskoa
Howdy Bluegrass talde donostiarrak 2020an argitaratu zuen bere lehenengo diskoa, orain arteko bakarra. Orain, diskoko abesti guztiak euskaratu dituzte, eta lan euskaratua plataforma digitaletan jarri dute entzungai; jakinarazi dutenez, ez dute formatu fisikoan salduko.
“Disko hori euskaratzea zen gure ametsetako bat, eta amets hau egia bilakatu da! Hona hemen Howdy Bluegrass diskoa euskaraz. Abesti originalak ingelesez idatzi zituen Gorka Arranz taldekideak. Abestien euskarazko itzulpena, berriz, Beñat Igerabide eta Urbil Artolaren laguntzarekin izan da posible. Diskoko azala Hazten Hastenek egin digu. Gure eskerrik beroenak guztientzat”, azaldu du taldeak sare sozialetan.
2012an jaio zen Howdy, eta bost lagunek osatzen dute taldea: Jon Arzelus kontrabaxu jotzaileak, Urbil Artola dobro jotzaileak, Jose Mari Pulido banjo jotzaileak, Julen Maestro trikitilariak eta Gorka Arranz gitarra jotzaile eta abeslariak.