San Joan bezperan 22 su piztuko dituzte Donostian
Ostiralean (hilak 23) izango da San Joan bezpera, askorentzat, udaren benetako hasiera. Ohiko legez, dantzak, konjuruak, oturuntzak eta, nola ez, suak egingo dituzte Donostiako hainbat txokotan, udari ongietorria emateko. Zehazki, 22 su egingo dituzte aurten hirian, udaleko Festak sailak Parte Zaharreko Plaza Berrian antolatu ohi duena kontuan izanda.
Plaza Berriko ekitaldia 20:00etan hasiko da, San Joan zortzikoarekin eta agintarien esku dantzarekin. Udal talde guztietako zinegotziek, udaleko txistulariek, Goizaldi dantza taldeak,
Boiseko dantza taldeak, Arkaitz dantza taldea, Eskola taldeak eta Gero Axular dantza taldeak hartuko dute parte.
20:30ean, San Joan bezperako zuhaitzaren erritua egingo dute, eta 20:45ean erromeria, aurretik zuhaitzaren azala banatuta. Berrikuntza gisa, udalbatza berriko zinegotziek hartuko dute parte aurten ekitaldian, eta hori izango da udaletxetik kanpo elkarrekin egingo duten lehenengo jarduera. Horrez gain, beste berritasun bat ere badago aurten Boiseko (Idaho, AEB) dantza taldeko kide batzuek ere parte hartuko dutela ekitaldian; Goizaldi Dantza taldeak, 2023an 75 urte beteko dituela eta, Boiseko dantzariak gonbidatu ditu parte hartzera.
Auzo eta herrietan ere suak
Plaza Berriko ekitaldiaz gain, auzo eta herri gehien-gehienetan ospatuko dute San Joan bezpera. Zehazki, leku hauetan egingo dituzte suak: Parte Zaharrean (Plaza Berriko ekitaldiaz gain, kaiko jaien elkarteak beste ekitaldi bat antolatu ohi du Pasealeku Berrian), Igeldon, Antiguan, San Roken, Aieten, Amaran, Morlansen, Amara Berrin, Saguesen (Gros-Ulia), Loiolan, Txomiñenean, Martutenen, Bidebietan, Ipar Intxaurrondon, Herreran, Larratxon (Altza), Herreran, Oletan (Altza), Egian, Intxaurrondo Zaharrean, Loiolako Erriberan eta Zubietan egingo dituzte suak eta bestelako jarduerak. Egitarau guztiak hemen kontsultatu dezakezue.
Amara Berrin, Herreran, Antiguan, Ipar Intxaurrondon eta Oletan jaien barruan egingo dituzte suak. Bestalde, Zubietako ospakizuna ez du kontuan izan udalak, ez baitu bere oharrean eta mapan sartu. Honakoa da Zubietako egitaraua: 19:00etan, bingoa; 21:00etan, afaria eta, 22:30ean, sua.