Salbuespen neurrien kontra agertu da gehiengo sindikala
Gaur goizean, euskal sindikatuen gehiengoak bat egin du salbuespen neurriak salatzeko Sarek deituriko mobilizazioekin. Donostian, Bilbon eta Gasteizen elkarretaratzeak egin dituzte, Stop salbuespen neurriak lelopean. Donostiakoa Alderdi Ederren izan da, eta han izan dira LAB, ELA, Steilas, CGT/LKN, CNT, HIRU eta EHNE sindikatuetako ordezkariak.
Aurrerapausoak egon diren arren, -lehen graduko amaiera, hurbilketak…- oraindik ere egungo espetxe politika aldatzearen beharra ikusten dute. Deia lantegietaraino zabaldu eta elkarbizitzarako prozesuan guztion parte hartzea beharrezkoa dela adierazi dute.
“Ezin diogu garrantzirik kendu orain arte lortutakoari, aldaketa horiek aurrera eramateko jendartearen jarrera eta deituriko mobilizazioetan parte hartzea ezinbestekoa izan da”, esan du Garbiñe Aranburu LAB sindikatuko idazkari nagusiak. Horrekin batera, salatu du azken urteotan ematen ari diren graduekin egiten ari diren atzerapausoek egoerari ez diotela mesederik egiten: “Oraindik ere ikus dezakegu presoen etxeratze bidean oztopoak ugariak direla. Presio soziala aktibo izaten jarraitu behar du salbuespen politikarekin amaitzeko eta gradu progresioaren blokeoarekin behin betiko amaitzeko”.
Aldiz, Edurne Iriondo ELA sindikatuko ordezkariak nabarmendu du oraindik legeak ez direla errespetatzen eta berdin aplikatzen: “Gaur egun, estatuko epaitegien arabera aplikatzen dira eta azken hilabeteetan eman diren gradu erregresioek agerian utzi dute. “Frantziako estatuko penak Espainiak ez dituela onartzen eta sistematikoki denak errekurritzen dituela ikus dezakegu, hori atzerapausoa da”.
Sindikatuek hilaren 30ean Euskal Herriko herri desberdinetan egingo diren mobilizazioetan parte hartzera deitu dituzte herritarrak: “Urrats txiki horiekin salbuespena atzean utzi eta etxera bidea gertu izatea delako helburua”.