Zinema hiriko parke eta lorategietara itzuliko da
Hilaren 29tik uztailaren 14era bitartean izango dira proiekzioak 22:30etik aurrera, eta doakoak izango dira.
Cristina Enea fundazioak Udako Aire Zabaleko Zinemaldiaren hamargarren edizioa antolatu du. Udaren ongi etorriarekin batera, zinema Donostiako parke eta lorategietara itzuliko da COVID-19agatik egindako etenaldiaren ondoren. Pasa den ostiralean egin zen aurkezpenean, Marisol Garmendia Ekologia zinegotziak azaldu zuen zinema familian gozatzeko garai paregabea dela. Ekainaren 29tik uztailaren 14era izango dira proiekzioak, eta hiritarrek aukera izango dute familiartean edo lagunekin disfrutatzeko.
Aurtengo filmen gai nagusia biziraupena izango da. Biziraupen indibidualak, kolektiboak eta mundu eta errealitate desberdinetako istorioak ezagutzeko aukera izango dute bertaratutakoek. Guztira lau filma eskainiko dira, The Kid, La Panthère des neiges, Tasio eta Alcarràs izango dira.
Edizioari hasiera emateko ekainaren 29an The Kid (1921) filma eskainiko dute Amarako Araba parkean. Charles Chaplinen filma mutu honek 2021ean 100 urte bete zituen eta hori ospatzeko 4K formatuan zaharberrituta estreinatuko dute. Filmaz gozatzeko bigarren aukera bat izango dute, kasu honetan, uztailaren 14ean Bidebietako Salvador Allende parkean. Pelikula honetan, haur bat izan duen baliabide gutxiko emakume baten biziraupen istorioa kontatzen da.
Hurrengo egunean, hilaren 30ean, La panthère des neiges (Marie Amiguet eta Vincent Munier, 2021) dokumental frantziarra estreinatuko dute, Txomin eta Martuteneko Urumea ibai-parkean. Dokumental honek Vincent Munier argazkilariak Sylvain Tesson idazlea gidatzen du elurretako lehoinabarraren bila.
Egitasmoa Loiolako Erriberan dagoen Oroimeneko lorategira helduko da uztailaren 6ean. Egun horretan, Tasio (Montxo Armendariz, 1984) filma berreskuratzeko tartea egongo da. Tasio hamalau urte zituela hasi zen lanean Urbasa mendilerroko herri txiki batean ikazkin gisa. Protagonistaren bizimodu zaila azaltzen du filmak, errealitatea urteak aurrera joan ahala nola aldatzen den, eta nola industrializazioak geroz eta garrantzi handiagoa duen.
Azkenik, egitasmoari amaiera emateko Alcarràs (Carla Simon, 2022) proiektatuko dute Altzako Harria parkean, uztailaren 7an. Urtero uda partean egiten duten bezala, Kataluniako Alcarràs herri txikian mertxikondo saila landatu eta hazteko familia osoa batzen da. Aitonak hitz egiteari utzi dio, baina Solé familia zabaleko inork ez du zergatia ulertzen. Filmak 2022ko Berlinale Nazioarteko Zinema Jaialdian Urrezko Hartza irabazi zuen.