Donostiak Ukrainako Kremenchuk hiria suspertzen lagunduko du
Donostiako Udalak harrera egin die Ukrainako Kremenchuk hiriko alkate Vitalii Maletskyiri eta alkate orde Olga Usanovari.
Donostiak Ukrainako Kremenchuk hiriko ekonomia garapenean eta hiri sustapenean lagunduko du. Konfiantzazko Zubiak izeneko egitasmoaren barruan bi hirietako alkateak elkartu dira gaur goizean Donostiako udaletxean. Europako Batzordearen Udalerri eta Eskualdeen Batzordeak antolatzen duen egitasmoaren helburua honako hau da: Errusiaren erasoen ondorioz, txikituak izan diren hiriak berreraikitzea.
Ekimen honen bidez, Europar Batasuneko eta Ukrainako herri kaltetuenen arteko lankidetza sortu nahi da. Proiektu aurrekaria eta solidarioa da, eta bertan Europako 30 hirik parte hartzen dute, tartean, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuek. Euskadiko Udalen Elkartea (EUDEL) aukeratu dute ekimen honen parte izateko. Gaur goizean, Kremenchukeko ordezkariak Donostiako azpiegitura desberdinak bisitatu dituzte Eneko Goia alkatearekin batera, horien artean, Donostiako Sustapenaren egoitza, ADEGIren Fabrika eraikina edota Loiolako Araztegia. Bisitarekin batera, bertako sektore desberdinetako hainbat eragilerekin bilerak egin dituzte egun hauetan zehar.
Kremenchuk Dnieper ibai ertzean kokatuta dagoen hiri bat da, 215.271 biztanle dituena. Sektore ekonomiko garrantzitsuenak ibilgailuaren fabrikazioa eta petrolioaren prozesamendua dira. Gainera, bi unibertsitate handi ditu, bata publikoa, eta bestea, pribatua. 2022ko ekainaren 27an Errusiak hainbat hildako eragin zituen bertako merkatalgunearen kontrako bonbardaketan. Egoerari buelta emateko, Donostiak laguntza ekonomikoa eskainiko dio garapen ekonomikoa suspertzeko helburuarekin.