Itzurun konpartsak Donostiako erraldoiak dantzatuko ditu Aste Nagusiko egun guztietan
Donostiako erraldoiak eramaten dituen Itzurun konpartsak Aste Nagusiko egun guztietan (abuztuaren 12tik 19ra), zortzi erraldoiak dantzatuko ditu hiriko kaleetan. Bitartean, erraldoi horiek ikusgai daude Garbera merkataritza gunean, uztailaren 9ra arte. Erakusketa hau iaz Donostia Kulturak Garberarekin sinatu zuen lankidetza hitzarmenari esker antolatu dute. Handik, zortzi erraldoiak Aste Nagusirako beharrezkoak diren entseguak egingo dituzten lokalera eramango dituzte.
Aste Nagusian, San Telmo Museoa izango da erraldoien egoitza nagusia, baina ez dira han egongo egunero, Antiguara eta Amarara joango baitira desfileak egiteko.
Aste Nagusia amaitu eta Donostiako estropaden bigarren igandera arte, erraldoiak San Telmo Museoko klaustroan egongo dira ikusgai, herritarrek haien historia ezagutu eta haien altuera egiaztatu ahal izateko (4,15 metroko altuera dute).
Donostiako erraldoien taldea osatzen duten irudiak honakoak dira: gipuzkoar bikotea, batelari eta arrantzale gisa jantzita; arabar bikotea, Guardiako dantzaria eta katximorro gisa jantzita; bizkaitar bikotea, baserriko etxekoandre eta arratiar ferroia bezala jantzita eta nafar bikotea, Erronkaribarko bikote gisa.