Kalapiek eskatu du bidegorriak gorriz margotzeko
Gaur egun, ohikoa bihurtu da Donostiako bidegorriak beltzez margotzea, eta kolore aldaketa honek “errepidetik bereizteko zailtasunak” ekarri dituela salatu du Kalapiek. Aldaketaren aldeko “argumentu sendorik” ez dagoenez, Kalapiek beste hiri batzuetako ereduak kontuan hartu ditu bidegorrien kolorearen garrantzia aztertzeko. Udaleko Mugikortasun Sailaren iritziz, bidegorri berriak beltzak izateak “segurtasuna” dakarrela esan zuen duela hilabete batzuk, baina, martxoan, aldiz, bidegorri beltzak egiteko materiala “egonkorragoa” dela adierazi zuen. Honek iritzi eta argumentuen nahasmena areagotu du. “Bidegorriak kolore beltzez markatuz, bizikletak integratuagoak daude hirian, ez du zentzurik bide bereziak egitea”, esan zuen Pilar Arana Mugikortasun zinegotziak.
Kalapieren arabera, bidegorriak, izenak aipatzen duen bezala, gorriak izan dira betidanik: “Zergatia oso argia da, errepidetik bereizteko eta txirrindularien aldeko segurtasuna bermatzeko, Espainiako zein Europako hirietan ikus daitekeen bezala. Donostiaren kasuan, aldiz, azken urteetan egindako obrek agerian utzi dute, egungo bidegorriak beltzak direla”. Elkartearen ustez, argudio horiek “argi eta garbi kontraesanean” daude Europako bizikleta azpiegituren diseinu gidek ezartzen dutenarekin.
Kalapiek, beste gida batzuetan oinarrituta, kolore gorria erabiltzeko argudioak honako hauek izan dira. “Batetik, gorriak izateak ikusmena areagotzen du, bai txirrindulariena, bai gidariena, bai oinezkoena. Horrek talka arriskua murriztea ekarri du”. Ikusgarritasunaz eta segurtasunaz gain, “espazioen berezipen argiagoa” mantentzen dela esan dute, lehentasun kontuengatik sortu daitezkeen gatazkak gutxituz. Azken argumentua ingurumenaren aldekoa izan da. “Bidegorriak gorriak direnez, bizikleten azpiegiturek garrantzi handiagoa dute, eta, era berean, bereizketa horrek bizikletaren erabilera sustatzen du”.
Kalapie elkartetik eskatzen dute 30 gunez osatutako bizikleta sarea kolore argiz markatzea, errepideengandik bereizteko eta herritarren segurtasuna bermatzeko. “Mantenuaren argudioa ere ez zaigu zentzuzkoa iruditzen, azkenean aurrekontu aurrezpen txiki batengatik, txirrindularien segurtasuna eta lehen aipatutako gainerako bertuteak arriskuan jartzen baitira”. Mugikortasun Sailari hainbatetan planteatu dizkiete hiriko arazoak, horregatik bidegurutze jakin batzuk gorriz markatzea eskatzen dute, adibidez, Easo kalearen eta Lizarra kalearen artekoa. “Horrela ibilgailuek abiadura moteltzen eta arreta handitzen dute eta, ondorioz, txirrindularien segurtasuna hobetzen da”, defendatu dute.