Kosken Txapelketa berreskuratuko dute, zortzi hamarkadaren ostean
Txuleta jatetxeak eta Alde Zaharra Kirol Elkarteak 1931ko uztailaren 31n Trinitate Plazako frontoiaren inaugurazioan egindako Kosken Txapelketa berreskuratu dute, zortzi hamarkada baino gehiagoz antolatu gabe egon ondoren. “Efemeride garrantzitsua berreskuratzeko” eta plazari “duen balioa emateko” antolatu dute, aldi berean, Parte Zaharreko “auzo espiritua” berreskuratzeko intentzioarekin. Horretarako, auzoko gastronomia-, kultur- eta kirol elkarte guztiei dei egin diete euren pilotari-bikoteekin parte har dezaten uztailaren 31n egingo duten Kosken Txapelketan.
Ander Esarte Txuletako buruak ekitaldia berriro antolatzeko arrazoiak azaldu ditu: “2022aren amaieran Esteban Duran bezero historia zalea hurbildu zitzaigun, eta esan zigun garai batean pilotalekuaren inaugurazioaren inguruan esku pilota txapelketa bat egon zela. Tabernan elkartu ginen, xehetasunak kontatu zizkigun, eta oso ideia polita iruditu zitzaigun. Horrela hasi zen dena”.
Alde Zaharra Kirol Elkartea proiektura nola batu zen azaldu du Ander Millan ordezkariak: “Txuletatik proiektu hau planteatu ziguten, eta hasieratik gustatu zitzaigun. Auzotik, auzoarentzat eta auzokoekin egingo dugu. Ezin hobea iruditu zitzaigun Trinitate plazako frontoia nabarmentzeko kirol jarduera hau antolatzea”.
Hala, bi antolatzaileen artean hainbat bilera egin ondoren, egitasmoari forma ematea lortu zuten. “Batez ere, pilotalekuaren inaugurazioa berreskuratzeko jardunaldi bat antolatu nahi izan dugu, mundu guztiarentzat oharkabean pasatu baita, baita Kosken Txapelketa ere”, Esarteren arabera.
Zortzi dira parte hartzea erabaki duten elkarte gastronomikoak, kulturalak edota kirolaren ingurukoak: Zubi Gain, Gastronomiazko Euskal Anaiartea, Ollagorra, Aizepe, Kresala, Kainoieta, Union Artesana eta Gaztelubide. “Oso pozik gaude elkarteen erantzunarekin, beso zabalik erantzun baitiote Alde Zaharrean auzo espiritua berreskuratzeko eta haien eta gure artean gehiago harremantzeko planteamenduari. Gainera, guztion artean auzoko giroa bultzatzea da helburua”, adierazi du sukaldariak.
Kosken Txapelketaren finala uztailaren 31n izango da, hain zuzen ere, Trinitate Plazako frontoiaren inaugurazioaren 92. urteurrenarekin batera. Hala ere, honez gain beste bi jarduera ere antolatu dituzte:
17:30ean, kalejira egingo dute elkartez elkarte Txuleta tabernak jarritako Joselontxos txarangarekin. Ondoren, 20:00etan, Alde Zaharra esku pilotako klubeko haurrekin txapelketa txiki bat jokatuko dute eta, 20:30ean, bi bikote finalisten arteko final handia jokatuko da.
Antolatzaileek ez dute sarien berri eman nahi izan, baina “goxoak” izango direla aurreratu dute. Horrez gain, 2024an ere jardunaldia antolatzea espero dutela gaineratu dute.