Norteko geltokiko markesina Asturiasen eraberrituko dute
Norteko geltokiaren trenbidea estaltzen zuen markesina Asturiasera eramango dute datorren astean, leku berean berriz instalatu aurretik birgaitu dezaten. Markesina otsaila eta martxoa artean desmuntatu zuten, bidaiarien eraikina eraitsi aurretik.
Euskal Trenbide Sareak (ETS) markesinaren zaharberritze lanak geltokian bertan egitea pentsatu zuen momentu batean. Hala ere, orain jakinarazi dute lan horiek Carreñoko (Asturias, Espainia) Lualva enpresaren lantegian egingo dituztela azkenean. Egitura metalikoa 1880an Gustave Eiffelen tailerretan eraiki zuten, eta Jean Biarez ingeniari frantziarrak proiektatu zuen.
Noticias de Gipuzkoa egunkariak azaldu duenez, hasiera batean, geltokiko markesina gorria lekuz aldatzeko, bost ibilgailu berezi erabili beharko dira 21 zertxa lekualdatzeko, 21 metro luze eta 4,5 metro zabalekoak. Lehenengo ibilgailu berezia astelehenean, hilaren 26an, aterako da Donostiatik, eta markesina osoa hurrengo ostiralean Asturiasen izatea aurreikusten dute.
Egitura zaharra eraberritzeko aurreikusitako prozesua udalaren Hirigintza Ondare Eraikiaren Plan Berezian babestuta dago. Granailatze tratamendu bat aplikatzean datza, jatorrizko burdinari itsatsitako pintura geruza, oxido eta hondakin guztiak kentzeko. Gainera, jatorrizkoak ez diren hondatutako piezak kenduko dituzte eta beste pieza berri batzuk egingo dituzte, egitura sendo eusteko.
Bestalde, Norteko geltokiko lanen zuzendaritzak erabaki du markesina txikiena mantenduko dutela, Frantziako pasealekuaren parean dagoena. Markesina metaliko hori ere Lualvara eramango dute, eraberritzeko.