Ostegunean egingo dute hauteskunde mahaietako zozketa
Donostiako Udalak bihar (hilak 22) egingo du uztailaren 23ko Espainiako Gorteetako hauteskundeetarako mahaien zozketa. 09:00etan izango da, udaletxean, eta zozketa horretatik aterako dira hiriko hauteskunde mahaietako presidenteak, mahaikideak eta ordezkoak. Ondoren, udalaren webgunean emango dute zozketaren emaitzen berri, eta Hauteskunde Batzordeak jakinarazpena bidaliko die etxera mahaian egotea edo ordezko izatea egokitzen zaienei.
18 eta 70 urte arteko edozein pertsonari egokitu ahal zaio mahaietan egotea, baina 65 urtetik gorakoek mahaian egoteari uko egiteko eskubidea dute. 65 urre baino gehiago izateaz gain, baldintza hauetakoren bat betez gero, mahaian egoteari uko egin ahal zaio: desgaitasun edo ezgaitasun handi bat izatea, kartzelan edo zentro psikiatriko batean egotea, sei hilabete baino gehiago eramatea haurdun, bederatzi hilabete baino gutxiagoko haur bat edukitzea edoskitze garaian, hauteskunde mahaian egotea hiru aldiz egokitu izana azken hamar urteotan, ezinbesteko zerbitzuetako langilea izatea (medikua, suhiltzailea, babes zibileko langilea, eta abar), hauteskunde mahaiko jarduna egin ahal izatea oztopatzen duen gaixotasun edo lesioren bat edukitzea, euren burua zaindu ezin duen senideren bat zaindu behar izatea eta beste gurasoak zaindu ezin duen 14 urtetik beherako seme-alabak edukitzea.
Bestalde, uztailaren 23an Donostiatik kanpo oporretan egonez gero, bidaia, hotela edo dena delakoa maiatzaren 29aren aurretik –egun horretan deitu zuen Pedro Sanchez Espainiako presidenteak hauteskundeetara– erreserbatu dutenek ere uko egin ahalko diote hauteskunde mahaian egoteari.