Udalak ez die laguntzarik eman Amarako San Joan bezpera antolatzeko
Udalak ez die laguntzarik eskaini Amarako San Joan bezperako egitaraua behar den bezala antolatzeko, eta antolaketa guztia -aseguruaren kostuak barne- bere gain hartuko dutela jakinarazi du antolatzaile taldeak. Hortaz, datorren ostiralean, hilaren 23an, barra bat jarriko dute Easo plazan gastuei aurre egiteko. Bertako bizilagunek dei egin dute plazara bertaratzeko, eta barran zerbait edateko edo afaltzeko tortilla pintxoak eskatzeko. “Betiko tradizioak mantentzen jarraitzeko ezinbestekoa da auzotarren laguntza”, adierazi dute.
Amarako auzoan, betidanik, San Joan bezperako egitarau osoa antolatzen dute, arratsaldetik hasita gauera arte. Ilunabarrean sua pizteaz gain, euskal dantzak, zezensuzkoa eta toka txapelketa egiten dituzte. Auzoko txokoak lizar adarrez eta lore sorta tradizionalez apaintzen dituzte, gero sutan erretzeko. Horrela, auzotarrek eta haurrek ondo pasatzeaz gain, tradizioak mantentzen ahalegintzen dira, “auzoaren kohesio sozialerako eta kulturalerako garrantzitsua dena”.
Ekimenak auzolanean antolatzen dituzte, eta sua pizteaz gain, itzaltzeaz eta dena txukuntzeaz ere arduratzen dira. Horretarako, auzotarren laguntza eskatzen dute, ahalik eta festa “seguru eta atseginenak” izan ditzaten. Auzotarrek egingo duten ahaleginaren truke, udalari bere ekarpena egin dezala eskatu diote bizilagunek. Alegia, Easo plazan suaren ondoren geratzen diren hondakinak kale garbitzaileek jaso ditzatela.
Esteka honetan ikus ditzakezue Donostiako San Joan suetako egitarau guztiak.