865 taldek hartuko dute parte Donosti Cupen, iaz baino 110 talde gehiagok
31. Donosti Cup futbol txapelketa izango da aurtengoa, eta inoiz baino parte hartzaile gehiago izango ditu: 865 taldek parte hartuko dute, iaz baino 110 talde gehiagok. Uztailaren 3tik 9ra izango da, eta ohikoa baino egun bat beranduago hasiko da Tourra Donostiara helduko delako bezperan.
Gaur goizean, Donosti Cuparen aurkezpena egin dute Anoetan, eta azaldu dutenez, orain arteko jendetsuena izango da; 6.000 pertsona inguru etorriko dira hirira egun horietan zehar. Estatuko taldeez gain, Ameriketako Estatu Batuak izango da, beste urte batez, talde gehien ekarriko dituena; 78 talde, hain zuzen. 22 herrialdetatik etorriko dira 200 talde inguru. Honakoak dira herrialdeak: Frantzia (61 talde), Japonia (11 talde), Andorra, Australia, Belgika, Txile, Txina, Boli Kosta, Ghana, Grezia, Guatemala, Honduras, Jordania, Erresuma Batua, Peru, Portugal, Kongoko Errepublika eta Uzbekistan. Berritasun gisa, aurten, Saharar Herriko eta Mexikoko talde batek, Autenticos Gladiadoresek, jaso dute antolakuntzaren gonbidapena.
Emakumezkoen taldeen kopuruak gorakada handia izan du azken urte hauetan. Aurte, 140 taldetik 170 izatera pasatu dira emakumezkoen taldeak. “%20 inguruko hazkundea izan da, Gipuzkoa erreferente bilakatu da berdintasunaren aldeko garapenean”, adierazi du Iñigo Olaizola Donosti Cupeko zuzendariak. Olaizolak jakinarazi duenez, nazioarteko talde indartsu batzuk ere txapelketan parte hartuko dute. Zelaiei dagokionez, Donosti Cupek gora egingo du geografikoki, Gipuzkoako 50 futbol zelaitara iritsiz. Gipuzkoatik kanpo, Hendaia eta Nafarroako bi futbol zelaik partiduak hartuko dituzte.
“Kalitatean eta kantitatean asko hazi da txapelketa, eta eskerrak eman nahi dizkiogu txapelketa aurrera eramatea posible egin dutenei”, adierazi du txapelketaren zuzendariak. Hala ere, epaileen, kolaboratzaileen eta jokalarien kopuruen goraldiagatik, arazoak izan dituzte Donostia inguruko hoteletan sartzeko. Hortaz, Gasteizen eta Bizkaiko herri batzuetan ere hartuko dute ostatu.
Autenthics Day
Betiko jarduerez gain, Donosti Cupek inklusibitatearen aldeko apustua egin du. Autenthics Cup antolatzearekin batera, Authentics Day antolatu dute. Horren bidez, kirol egokitua ikusarazi nahi du txapelketak. Egun horretan, uztailaren 5ean, futbol partidez gain, tailerrak eta musika emanaldiak izango dira. 2022an egindakoa errepikatu eta hobetu nahi dute, talde berriak gonbidatuz. Egun horretako protagonista nagusiak adimen urritasuna duten pertsonak izango dira.