Aitor Uriondok eta Ibon Muñozek ez dute Gipuzkoa Basketen jarraituko
Aitor Uriondo kirol zuzendariak eta Ibon Muñoz zuzendari nagusiak ez dute Gipuzkoa Basketen jarraituko. Hala jakinarazi zuen klubak asteazkenean, denboraldiaren balorazioa egiteko prentsaurrekoan. Nacho Nuñez presidenteak eta Uriondok berak eman zuten prentsaurrekoa.
“Denboraldiaren balantzea ezin da egin ikusi gabe nondik abiatzen ginen, berreraikuntza urteak ziren eta identitate bat berreskuratzen saiatu gara, iritsi nintzenean lehentasunetako bat zela ulertzen baikenuen”, azaldu zuen Uriondok. Halaber, “pozik” agertu zen klubean egindako ibilbidearekin: “Pozik nago bide honetan ibili naizen jendearekin, bai staff mailan, bai administrazio kontseiluan. Uste dut tratua, maitasuna eta laguntza bikainak izan direla, eta klub honetan jende askok merezi du eta klub honek merezi du urratsak ematen jarraitzea”.