Basoko landare jangarriei buruzko ikastaroa egingo dute Ulian
Aranzadi zientzia elkarteak basoko landare jangarriei buruzko ikastaroa eskainiko du Ulian uztailaren 8an. Paisaiatik mahaira tailerraren helburua da parte hartzaileei landare horiek zein diren eta plater gozoak egiteko nola prestatzen diren erakustea.
Clara Gutierrez biologoa eta etnobotanikan aditua izango da Ulia mendian barrena egingo den ibilaldi honen gidaria, “aurkitzen diren landare jangarriak ezagutuz eta bilduz”. Gainera, “kontsumorako egokiak ez direnak ere identifikatuko ditugu, pozoitsuak direlako, eta mendian presentzia txikiagoa duten landareak biltzeari uko egingo diogu, ugal daitezen uzteko”, azaldu du Gutierrezek.
Tailerra 10:00etan hasiko da, Ulia Interpretazio Zentroan, hitzaldi labur batekin. Ondoren, izena ematen duten pertsonek osteratxoa egingo dute mendian barrena (izen- emateak hemen zabalik). “Uliako ingurunea oso interesgarria da, landaretza handia duelako”, azaldu du biologo eta etnobotanikariak, eta itxaropentsu agertu da “jateko moduko basa landare ugari aurkitzeko”. Hala, Ulian bioleta ugari daudela dio, eta horietatik hostoak zein loreak jaten direla, osinak, nutrizio balio handikoak eta zapore bikainekoak, edo pagatxak eta basa marrubiak, basoko beste fruitu batzuen artean.
Hala ere, hemengo mendietan gehien hedatu den landarea garikota (Silene vulgaris) da, bere loreak zanpatzean eta lehertzean egiten duen soinu bitxia duena. Gutierrezek oso gogoko du, bere ustez “basa barazkirik onenetakoa” baita.
Uztailaren 8ko tailerra ez da soilik bilketa jarduera bat izango; izan ere, Uliako aterpetxeak jarduera honetarako bere sukaldea uzten duenez, biltzen dituzten landareak prestatuko dituzte. Arrautza beteak, arroza perretxikoekin eta basa landareekin edota patatak malbarekin izango dira parte hartuko duten pertsonek sukaldean kozinatzen ikasiko dituzten plateretako batzuk.