Ikuspegi orokorreko Hezkidetza eta Pedagogia Feministen ll. kongresua antolatuko dute
Datorren astean, hilaren 26an eta 27an, hamalau egitasmo eta erakunde lokalek “irudikatu, desiratu eta planifikatuko” duten kongresu feminista antolatuko dute, Monte Igeldo hotelean. Bertan, “gaur egungo sozializazio prozesu homofobo, matxista, arrazista, klasista eta kapizitisten testuinguruan”, hainbat gai jorratuko dituzte. Egun hauetan zehar, 9:00etatik 16:30era izango dira jarduerak.
Talde eragileen artean, Sorginlore, Ikertze, Emagin, Imagina Palabra, Alboan eta Arremanitz daude, eta bertako hainbat aholkularitza talde ere jardunaldietan izango dira. Aurtengo edizioan, kolaboratzaile bereziak izango dira. Gaiak ikuspegi orokorretik jorratzen dituztenez, beharrezkoa iruditzen zaie antolatzaileei tokiko erakundeez gain, beste herrialdeetako pertsonen ikuspegiak lantzea. Horretarako, Costa Ricako Imagina Palabra, bertako Herri Hezkuntzan aditua den erakundea, Donostiara etorriko da. Kongresuari hasiera emateko, Pastora Filigrana, ijito feminista, pedagogia feminista eta intersekzionalitateari buruz arituko da.
Hezkuntza sexual integrala, biolentzia eta erlazio osasuntsuak eta herri hezkidetzaileak hezkuntza sistemako gaiak izaten dira, eskoletan lantzen direnak, normalean. “Hezkidetza eskoletatik ateratzea beharrezkoa dela iruditzen zaigu, gai hauek ez direlako hemen bakarrik lantzen. Ikuspegi globala eta estrukturala dute”, adierazi du Maider Sagredok, Sorginloreko antolatzaileak. Aurretik aipatu moduan, “espazio espezifiko bat sortuko dute bakoitzak bere esperientzia askatasunez kontatzeko, identifikatzeko eta haiekin konektatzeko”, azaldu dute Sorginlorekoek. Horretarako praktika ugari burutuko dituzte gaiak lantzeko.
Kongresuaren erronka nagusia “gizartearen beharrei aurre egitea” izango da, gai hauek lantzeko “espazio espezifikoak” sortuz. Jardunaldi hauetan, perfil anitzeko pertsonek parte hartuko dute. Gehienbat unibertsitateko ikasleak eta iraskasleak, doktoratuak eta hezitzaileak bertaratuko dira. Ikasle eta irakasleen artean, pedagogia, gizarte zientziak eta sexu hezkuntza ikasten dutenak izango dira gehiengoa.
Hasieran, 200 plazako jardunaldiak aurreikusi zituzten, baina, publikoaren aldetik “sorpresa” izan zutela adierazi du Sagredok, plazak hilabete lehenago agortu zirelako. Aurreko urtekoa kontuan hartuz, “esperientzia polita eta aberasgarria” izatea espero dute.